GARA > Idatzia > Kultura

Oihane Perea irabazle, Agurainen jokatutako kanporaketan

 

GARA | AGURAIN

Arabako Bertsolari Txapelketako 3. kanporaketa Agurainen jokatu zen. Lautadako Bertso Eskolako kideek primerako afaria prestatu zuten. 70 entzule elkartu ziren eta afaldu ostean hasi ziren bertsolariak kantuan. Aintzane Irazusta gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, Iker Olabarrietak, txapelketan debutanteak, lan txukuna egin zuen. Jon Ruiz de Pinedo zalduondarrak Lautadako jarraitzaileen txalo beroak jaso zituen. Besteek, horien artean askotan txapeldun izandako Oihane Pereak, euren papera ere ondo bete zuten, eta azkenean horrela gelditu zen sailkapena: Oihane Perea (152 p.), Felipe Zelaieta (145 p.), Ruben Sanchez (142,5 p.), Andere Arriolabengoa (142,5 p.), Iker Olabarrieta (128 p.), Jon Ruiz de Pinedo (117 p.). Beraz, Oihane Perea zuzenean sailkatuta finalaurrekoetara eta besteak sailkapen orokorraren zain geratu dira. Igande honetako azken kanporaketan argituko da nortzuek lortuko duten txartela hurrengo faserako. Larunbatean, laugarren kanporaketa Laudion eta, igandean, Lantziegon azkenekoa jokatuko da. Informazio gehiago eta txapelketaren jarraipena ondorengo webgunean: www.arababertsozale.org.

Nafarroako bertsolari txapelketa

Bestalde, Lizarrak ere hartu zuen beste bertso saio bat. Izan ere, atzo abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa, martxoaren 23an Iruñean amaituko dena. Inoizko parte-hartzaile kopuru handiena izango du Bertsolari Txapelketak. 31 bertsolarik hartuko dute parte, horietatik sei lehen aldiz aterako dira Txapelketaren plazara. Parte-hartzaile kopuru handiaren ondorioz, saio bat gehiago izanen du aurtengo Txapelketak, osotara bederatzi saio izango dira: Lizarra, Aldatz, Larraintzar, Ituren, Zubiri, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Elizondo eta Iruñea. Lerro hauek idazterakoan, Lizarran 17.30ean hasitako saioaren gaineko berririk ez genuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo