GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Zaborrak murriztu eta gero, errauskailua jarri nahi digute»

p014_f01.jpg

Aitor Karasatorre
Sakanako Mankomunitateko presidentea

Sakanan zabor kopurua murriztu dute eta, ildo horretan, jasotzeko sistema berria abian jartzeko parte hartze prozesuari ekin diote. Nafarroako Gobernuak, ordainetan, herrialde osoko zaborrentzako errauskailua jarri nahi du Olatzagutian, epaileek bertan behera utzi berri duten plan batean oinarriturik.

Martxelo DIAZ | LAKUNTZA

Atez atekoan eta autokonpostatzean oinarrituriko zabor bilketa sistema berri bat ezarriko duzue. Horretarako, parte hartze prozesu bat martxan jarri duzue herrietan. Ze balorazio egin duzue horren gainean?

Hamabost udalerri daude Sakanan eta zehaztea kostatzen ari zaigu. Lehenik, udalen inplikazioa lortu behar dugu. Orain arte zaborren eskumena Mankomunitatearen eskuetan utzia zuten, baina orain udalen inplikazioa behar da. Beste mila fronte dituzte eta horretan jartzea kostatzen ari zaigu. Lehen parte hartze erronda zehazten ari gara. Hamabost udalerri dira eta bakoitzean parte hartzea bertan ezagutzen duten bezala egin behar da. Ez da gauza bera Lakuntzan, non ohitura handia dagoen, edo Olaztin edo Etxarrin. Hurrengo asteetan bilerekin hasiko gara. Gure asmoa, ondoren, hamabost bat egunera, bigarren bilera batean proposamenak jasotzea eta horren arabera proposamenak zehaztea da. Garrantzitsuena helburua da. Horregatik ez dugu inoiz zehaztu noiz hasiko den ezarpena. Martxoan esan genuen, baina orain apirila izan daitekeela baloratzen ari gara. Baina garrantzitsuena parte hartze prozesua abiatzea da, eta horretan erabakitzen dena ikusi ostean jakingo dugu noiz izango den ezarpena. Atzerapena ez da arazoa, ze hori ez zen guretzat lehentasunetako bat.

Sistema mistoa planteatu dugu beti. Hasieratik ez zen sistema uniforme bat bailara guztirako. Kontzejuetarako proposamen bat zegoen; etxola batzuk eduki-ontziekin eta organikoa jaso gabe autokonposta eta auzokonposta aurreikusten zen. Beste herrietan, 300 biztanletik beherakoentzat sistema misto hori eskaintzen zen. Orain, 400 biztanle duten herriek mistora pasatu nahi dute eta, Etxarrin, adibidez, konpostaren alde egingo dute eta helburu bezala jarri dute materia organikorik ez jasotzea. Urtero Sakanan 4.000 tona materia organiko sortzen zirela bagenekien eta ez dakigu zenbat izango den herrietan. Askok ere ondoko herriaren eredua ikusten dute eta kopiatu nahi dute, beraien herrietara moldatuz. Honekin ere, eredu pilotoak martxan jarriko ditugu. Altsasun auzokonposta martxan jartzeko proposamen bat dago, Etxarrin Frantzian ikusi genuen eredu baten antzeko konpost pabilioiak jarriko dira, eta Ihabarren herri osoan ezarpen guztia egingo dugu. Jendeak ereduak ikusteko aukera izango du eta horren arabera hautatu egingo du.

Honekin ere zenbat lanpostu sor daitezkeen aztertzen ari gara. Italian atez ateko sistema jarri zuten eremu batean 200 enpresa berri sortu ziren. Sakanan langabeziarekin dugun arazoa kontuan hartuta, garapena bultzatu behar da. Europan sistema honekin 500.000 lanpostu sor daitezkeela diote. Hemen horrelako zerbait lortzen badugu, perfektua izango litzateke.

Sistema berriaren kontra daudenek galdeketak egin daitezela aldarrikatzen dute, baina Sakanan martxan jarri den parte hartze sistemarekin jendearen iritzia jasotzeko tresna bat eskaini duzue.

Parte hartze prozesuan edozein iritzi eman ahal dute. Mahai gainean aukera guztiak daude. Gobernuaren planak hiru aukera eskaintzen zituen: bosgarren eduki-ontzi itxia, bosgarren eduki-ontzi irekia eta atez atekoa. Jendeari hiru aukerak eman dizkiogu. Ez dugu ulertzen galdeketarena. Demagun Etxarri, jendeak autokonposta, auzokonposta zabalik (bosgarren eduki-ontzi irekia), auzokonposta eduki-ontzi itxian ala atez atekoa egin dezake. Guztien artean aukeratzeko parada ematen diegu. Zer galdetu behar da ba? Hemen dagoen arazoa askok orain arte bezala jarraitzea posible dela uste dutela da. Orain Sakanan %24 baino ez da gaika jasotzen. Eta urtetan horrela izan da. Ez gara %25etik pasa. Horrek horrela ezin du jarraitu. Gainera, hemendik aurrera materia organikoa aparte jaso behar du. Ez dut ulertzen zer galdetu behar den. Udalei aukera guztiak lantzeko eman zaizkie. Eta norberak aukera dezala. Egongo dira atez atekoaren alde egingo dutenak, auzokonpostaren alde joko dutenak edo autokonposta hautatuko dutenak. Zer galdetu behar du? Oraingo ereduarekin jarraitu nahi duten? Hori ezinezkoa da. Badakigu aldaketak jendearen esfortzua eskatzen duela.

Nafarroako Gobernuaren zaborren plana aipatu duzu, orain epaitegiek bertan behera utzi dutena. Olatzagutiko errauskailua hor kokatzen da. Bilketa selektiboa egiteko esfortzuari muzin eginez, Sakanako udal eta biztanleen iritziaren aurka, Gobernuak errauskailua inposatzeari zer deritzozue?

Roberto Jimenez kontseilaria zenean eta teknikariekin bildu garenean oso ongi joan da dena Partzuergoan [Iruñerria izan ezik Nafarroako mankomunitate guztiak biltzen dituen elkargoa]. Kontseilaria aldatu eta irizpide berriak izan direnean, gure kontra hasi ziren. Adostutako guztia bertan behera gelditu zen. Arazoa: guk jasotzeko eskumena dugula, baina ez tratamenduarena. Hori Partzuergoaren esku dago. Gure zabortegia itxita dago eta zaborra trailerretan sartu eta Tuterara eramaten dute. Atez atekoaren kontra traba guztiak jarriko dizkigutela esan zigun kontseilariak, nahiz eta planaren barruan izan. Traba ekonomikoak izango dira. Biztanleek urtero zaborren tratamenduagatik diru bat ordaintzen dute. Guk eskatzen duguna ordainketa hori sortzen den zaborraren eta egiten den esfortzuaren araberakoa izatea. Orain pote komun bat da, denok berdin ordaintzen dugu. Nahiz eta Sakanan 1,5 tona sortu eta Tuteran bi.

Planak berez errauskailua Iruñea inguruan egitea aurreikusten zuen, baina bertako udalak ados ez daudenez, bagenekien Sakanara etorriko zela. Hemen kostu politikoa zero delako. Azkenean, Olaztiko errauskailua Portlanden konpetitibitate kontu batengatik ezarri nahi digute. Guk egiten dugu esfortzua, baina Nafarroako zabor guztia hona ekarriko digute eta herrialde osoko errauskailua izango da. Hasiera batean Bilduri ematen zioten egurra aurka izateagatik. Gero Greenpeace ere azaldu zen eta orain beste talde asko ari dira konturatzen.

 

parte hartzea

«Autokonposta, auzokonposta eta atez atekoaren artean hautatu behar dute sakandarrek. Galdeketa eskatzen dutenek zer galde diezaiegun nahi dute? Sistema zaharra mantentzea nahi duten? Hori ezinezkoa da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo