GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Australia eta Caio Ibeli irabazle, Txinan

ISA erakundeak antolatutako herrialdekako txapelketan Australiak irabazi zuen urrezko domina. ASPko banakako txapelketan ostera, Caio Ibeli garaile.

p046_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Mundu mailako txapelketak Txinan hasi dira eta, beraz, lehiakideak urte osoan zehar izango diren itzuli desberdinetan puntuak batzen hasi dira.

Urtarrilaren 25 eta 30 artean egin zuten herrialdeen arteko txapelketa Hainan uhartean, Txinan, alegia. Txapelketa hau ISA erakundeak antolatzen du; hau da, Batzorde Olinpikoaren oniritzia duen erakundeak.

Talde australiarrak irabazi zuen urrezko domina aurten ere, bigarren urtez jarraian. Brasilek, bigarrena eginda, zilarrezko domina lortu zuen. Hirugarren, berriz, Hawaii, brontzezko dominarekin. Eta laugarren, Frantzia, kobrezko domina lortu zuen.

Taldeka bakarrik ez, lehia indibiduala ere izaten da horrelako txapelketetan. Nahiz eta lehiakide bakoitzak bere herrialdea ordezkatu, banakoentzako dominak ere izaten dira.

Aurtengoan, Michael Rodrigues brasildarra eta Philippa Anderson australiarra izan ziren urrezko domina eskuratu zuten lehiakideak.

Herrialdekako txapelketa amaitu bezain laster ASP erakundeak ere 2013ko itzuliari hasiera eman zion, leku berean, banakako txapelketan.

Caio Ibeli brasildarra eta Mitch Crews australiarra izan ziren finalean. Metro bateko ezker olatu luzeak izan ziren, eta azkenean, brasildarra izan zen garaile.

«Txapelketa ona izan da» zioen, «olatuak ederrak izan dira eta txandetan gozatu egin dut. Ez dago urtea hasteko modu hoberik, ezin hobeto sentitzen naiz».

Mitch Crews ere oso ongi aritu zen txapelketa osoan zehar, baina finalean garaitua izan zen. Hala ere, jada hurrengo txapelketan ditu begiak jarrita: «Lehen olatua hartzen hasi eta motz geratu nintzen. Caio han zen eta berak hartu zuen, eta etekina atera zion olatu eder hari. Orokorrean egin dudan surfarekin gustura nago eta hurrengo lehiaketarako prest naiz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo