GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Amets bat baino gehiago...

Valls jaunaren politika autoritarioaren usaina du, Madrilen erakutsi dioketen euskaldunen kontrako politika batena, hetsia, hertsia. Suprefet batek ez baitu behatz bat mugitzen, gainetik ez bazaio zerbait agintzen

Bai, ikastolak amestu ziren eta gaur egun errealitate dira. Hiru milako zenbakia gainditua du Seaskak, horrekin daraman diru behar zama guztiarekin. Seaskako zuzendariak zioen bezala, diru beharrak, taloak tonaka eginez ere biltzen zailak dira. Diru publikoa baitezpadakoa da gaur, atzo beharrezkoa izan den bezala. Herriko Etxe askok dagoeneko ulertu dute arazoa zein den. Larunbateko manifestaldian agertu da errealitate hori, Hendaiara auzapez asko hurbildu dira, eta batzuk Seaskako manifestaldietan usaian agertzen ez direnak! Argumentazio guztia emateko erranen dugu hauteskundeak hurbiltzen ari direla eta, beraz, abertzaleen boz kopurua kontutan hartzen bada hobe dela ikastolen alde agertzea. Egia da, azpimarratzekoa, eskuinak bihurguneak hartzen badaki, erraxago. Auzapez horiek, gehienak eskuinekoak baitira. Ez zegoen sozialistarik. Diputatu sozialistarik ez dugu ikusi.

Aspaldiko abertzale franko zeuden manifan eta horrela zioten: «Hogeita hamar urte berantago eta beti berdin. Egia da, sozialistak egon ziren gobernatzen luzaz, ez zuten deus egin, beti Falloux lege horrekin mehatxuka, eta gaur ere gauza bera, gobernura heldu orduko, berriz haste?» . Valls jaunak ba ote luke proiektu zerbait abertzaletasunaren kontra joateko hizkuntzaren kontra joz? Nola ulertu bestenaz gerla berpizte hau? Valls jaunaren politika autoritarioaren usaina du, Madrilen erakutsi dioketen euskaldunen kontrako politika batena, hetsia, hertsia. Suprefet batek ez baitu behatz bat mugitzen, gainetik ez bazaio zerbait agintzen! «Une et indivisible» erran zuen. Ez zuen erran «Liberté, Egalité, Fraternité», «Una, Grande, Libre» itzultzen saiatu egin zen, ongi atera zitzaion, oso ongi ulertu genion. Ideiaren jarraipena harrapatu diogu. Politikari nahiko gardena da ideiei doakienez! Ez dio laguntza handia ekarriko bere alderdiari, abertzaleek ez baitiote botorik emanen, ikastolak babesten ez badituzte. Kotte Ezenarro kontseilariak ederki ulertua du, hor zegoen pankarta eramaten, Herriko Etxea nahi du eta badaki ikastola eraiki beharko duela manera batez edo bestez abertzaleen bozak nahi baditu eta Hendaiako Herriko Etxea berreskuratu.

Beste irudirik ere utzi digu Hendaiako manifak. Bukaeran Herriko Etxearen aurrean bildurik, hautetsien argazkia. Ikastolak hautetsiz inguratuak. Hor bildu zirenak ikastolaren aldeko apustua egin dutenak ziren. Hor zeuden Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Donostiako auzapeza, diputatu abertzale batzuk. Gero eta aginte eremu handiagoak daude abertzaleen eskuetan, Ikastolen eremua babesten joanen da, indartuko da Madrilgo mehatxuen aurrean. Indar horretaz jabetu behar dugu, gurea indartuz eragina hedatzen joaten dela integratu. Gurekiko sozialistek ez dute politikaz aldatu nahi, datozen hauteskundeetan uste dute lehen itzulian guk baino boz gehiago lortuko dutela eta beren legea inposatuko digutela oraindik. Ezkerretik, beste politika egin daiteke, Parisen meneko izan gabe euskarak eta gure herri proiektuak merezi baitu. Amets bat baino gehiago baita eraiki nahi duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo