GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabal eta Zubiaga, bikain

Finalerdietako joaneko saioa oso erraz irabazi zieten Rekondori eta Azurmendiri, ia bi minutuko aldea aterata.

p036_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek eta Jose Angel Zubiagak oso erraz irabazi zuten Urrezko Aizkorako finalerdietako joaneko saioa, ia bi minutuko tartea atera baitzieten Jon Rekondori eta Iñaki Azurmendiri, eta garbi utzi zuten finalean izateko faboritoak zeintzuk diren.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen proba, eta hori Rekondok eta Azurmendik irabazi zuten, lana 50 kolpetan burutuz. Bederatziren aldea kendu zieten aurkariei.

Bigarrengoan, bi 45 ontzako erlojuz kontra ebaki behar izan zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta hor hasi ziren Nazabal eta Zubiaga garaipenerako bidea egiten. Minutu eta 40 segundoan amaitu zuten lana, lau segundo kenduz Leitzakoari eta Arriaragagoroa, nahiz eta lan honen amaieran hauek aurretik jarraitzen zuten.

Hirugarren lanean, bikote bakoitzak kana-erdiko bat ebaki behar izan zuen zutik jarrita, eta berriro ere Rekondo eta Azurmendi gailendu ziren. 1.39 izan zen beraien denbora, eta hiru segundo kendu zizkieten faboritoei, sailkapen nagusian zortzi segundo aurretik jarriz.

Laugarren ekinaldian abiadura proba izan zuten, eta bina kana-erdiko ebaki behar izan zituzten. Hau Nazabalek eta Zubiagak irabazi zuten, baina ez zuten aurretik jartzeko adinako alderik lortu. 2.57 izan zen beraien denbora, eta aurkariena, berriz, 2.59. Beraz, Rekondok eta Azurmendik aurretik jarraitzen zuten sei segundoko aldearekin.

Bosgarren lanean, ordea, aldea irauli egin zuten Nazabalek eta Zubiagak, eta betirako izan zen. 45 ontzako bat zutik jarrita, eta 54 ontzako bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta 2 minutu eta 43 segundoan amaitu zituzten lanak, Azurmendiri eta Rekondori 14 segundo kenduz. Horrela, zortzi segundo aurretik jarri ziren ekinaldi bakar baten faltan.

Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak txanda librean, eta hor tarte handia zabaldu zuten Nazabalek eta Zubiagak, faboritoak zeintzuk ziren argi eta garbi utziz. Lanak, 12 minutu eta 33 segundoan burutu zituzten, eta 14 minutu eta 15 segundoan, berriz, Jon Rekondok eta Iñaki Azurmendik.

Lan guztiak amaitzeko, 22 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Zubiagak, eta 24 minutu eta 24 segundo, berriz, Rekondok eta Azurmendik. Finalerdietako joaneko bi saioak jokatu dira jadanik, eta bi bikote faboritoek, Nazabalek eta Zubiagak eta Otaegik eta Otañok, irabazi dituzte, alde nabarmenak lortuz. Horiek dira finala jokatzeko bikote faboritoak, eta gauzak okertzen ez bazaizkie, finalean izango dira, nahiz eta geratzen zaizkien saioak irabaztea komeni zaien.

Amaieran

Iragartzen zen moduan, atzoko saioa ere iraupen proban erabaki zen. Azkeneko saiora arte, gauzak parean joan ziren, baina txanda librean faboritoak jaun eta jabe izan ziren.

Joseba Otaegi joango omen da Antonio Senosiainekin eztabaidatzera

Joseba Otaegik Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan esan zuenez, asteazkenean joango omen da Tolosako Kantabriko tabernara Antonio Senosiainekin hitz egitera.

Olagueko aizkolariak apusturako deia egin zion Zizurkilgoari. Nafarra prest dago 20 kana-erdikotara jokatzeko, eta enborrak berak plazaratuko omen lituzke. Dirutan 6.000 euro jokatzeko prest dago, eta gainerako xehetasunak erabakitzeko asteazken honetan, ilunabarrean, Tolosako Kantabrikon egongo da.

Zizurkildarra ere prest dago hitz egiteko, eta ados ez dagoen gauzez eztabaidatzeko, bera ere apusturako prest baitago. Joan den astean jokatu zuten Irazuk eta Zalduak urteko lehendabiziko apustua. Hilabete honetan beste apustu bat izango, eta martxorako ere beste bat bada. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo