GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | San Blas azoka Abadiņon

Jendez gainezka, jai giro ederreko domeka epel batean

Aurreikuspen onenak gaindituta, San Blas azokak milaka bisitari jaso zuen, horretarako osagai guztiak bildu zituelako: tradizioa, erakusketa zabala eta elur, txingor eta euri zaparraden osteko eguraldi goxoa. «Jende asko baina salmenta gutxi», errepikatzen zuten han eta hemen, baina inork ez zuen tokia galdu nahi izan, milaka lagun biltzen dituen erakusleihoan, aurten saririk ez bazegoen ere.

p022_f01_199x108.jpg

Nerea GOTI

Goiz osoan zehar, jende ilara luzeak ikusi ahal ziren Matiena eta Zelaieta arteko bideetan; autoak bide bazter guztietan zehar, eta industrialdeak ere, aparkaleku bihurtuta, leporaino zeuden oso goizetik. Hamaiketarako milaka bisitari hartuak zituen San Blas azokak eta ehunka helduko ziren oraindik hurrengo orduetan.

Ahaleginak merezi zuen. Behin azoka eremura helduta, horrelako hitzorduek izan ohi dituzten ezaugarri guztiak biltzen zituen San Blasekoak, eta urteko garaia kontuan izanda, gutxitan bezalaxe lagundu zuen eguraldiak, baita animatu ere, eguzkiak giroa epeldu eta gainetako elurrak eraman baitzituen.

Poltsikoa beteta izanez gero, bazegoen zer erosi nonahi. Han eta hemen jantziak, osagarriak, aterkiak eta hamaika bitxikeria biltzen dituzten saltokiak aurkitu zituzten bisitariek, Abadiño plaza bikaina den seinale.

Eta etxeko produktuetan sartuta, baratzetako onenarekin batera, etxean ekoiztutako eskaintza zabala bildu zuen hitzorduak, gure erleen eztitik hasita eta etxeko ogiraino, sagardoa, txakolina, gazta, opilak... ohiko zerrenda luzea. Salmentak, ostera, motz. Juani Larrazabalen saltokian esan zutenez, «jende asko ibiltzen da, baina ez erosten», eta ondoen indabak saldu zituela azaldu zion GARAri.

Iragarri bezala, BBK-k ez zuen saririk utzi San Blas azokan. Azken urteetan bertan eta hainbat plazatan sari mordoa jaso izan duen Adela Andikoetxeari neurria zer iruditzen zaion galdetuta, honakoa erantzun zigun: «Ez goaz plazetara sariak daudelako, gure produktuak saltzera baizik, baina pizgarri hori badaukazu saltoki ederra prestatzen duzu». «Aurten, apur bat apaindu dugu, baina ez beste batzuetan bezala, hiru ordu ematen ditugulako apaingarriak jartzen eta beste horrenbeste kentzen. Lehenak izaten gara eta askotan azkenak gara alde egiten».

Abereen atalean, antzeko hausnarketak entzun genituen hainbatetan saritua izaten den beste erakusketari baten ahotik. Abadiñoko Gaztelua auzoko Juanito Iturriagaetxebarriak abelburu lote bat jarri zuen atzo ikusgai. Iaz loterik onenarentzako saria jaso zuen, eta inoiz lauzpabost sari eraman ditu. «Ez gaude hemen sarien diruagatik, baina ilusioa pizten dizu», esan zuen. Nabarmendu zuenez, abereak itxura ederrean aurkezteko, lana aurreko egunetik hasten da, animaliak garbitzen. Atzo bertan 4.30an hasi ziren txaroles arrazako abereak behar bezala prestatzen. Horrekin batera, sektoreak bizi duen garai zaila aipatu zuen abadiñarrak.

Karpa beraren azpian, behi- azienda jabe gazte batek iritzi bera agertu zen. «Pentsuaren prezioa asko igo da eta okelarena ez da igotzen. Gero eta diru gutxiago ematen du honek. Honetaz bizitzeko, txarto», azaldu zuen Ibon Lasuen abadiñarrak. Gazteak 22 urte ditu, ikasten ari da eta 16 urterekin jarri zen behi aziendaren buru, aititagandik jasotako jarduera mantenduz. Handik aurrera, etxean ikusitako tradizioa jarraitu du. «Beti gustatu zait, herriko jendeak ikus dezala herriko ganadua», esan zuen.

Mariano Bereinkua amorotarra ere ezagun zaharra da San Blas azokan. Esan zuenez, 30 urte daramatza bertaratzen. Atzo, behor gazte bat saltzeko tratua ixten ari zen bitartean, ganaduaren salmentari dagokionez San Blas lehengo plaza bera ez dela esan zuen, eta animalien kontrolak zorrozten ari direlako kexu zen.

Landareek eta haziek ere merkatu handia dute sanblasetan. Murueta Lorategiko Nekanek azaldu zuenez, «gerezia, okarana eta sagarra dira gehien saltzen direnak», martxora arte landatzeko sasoian gaudelako. Bi urteko landareak 15 euroan saltzen zituzten.

Tresneria erakusketa bikaina izan zen atzo, baina beste arlo batzuetan bezalaxe, San Blasekoak, erakusleiho on bat izanik, salmenta txikia ematen du, ez behintzat orain sei-zortzi urte ematen zuena, behintzat, Leaniz Tresnak tailerreko Unaik azaldu zuenez. «Jende asko dator eta ondo dago makineria ezagutarazteko. Hemen ikusi eta gero tailerrera datoz erostera», adierazi zuen.

Salmenta handiagoak izango zituzten txosnek. Talogileak gelditu gabe aritu ziren, eta tankera horretan ibili ziren kordel saltzaileak ere. Kolorea aukeran, bedeinkatuak 0,35 zentimotan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo