GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Finalerdietako ligaxkan aritzeko bi txartel banatuko dira Garatenean

Jon LEUNDA

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkan aritzeko bi txartel banatuko dira gaur Donibane Garaziko Garat trinketean. Beste biak Waltarirenak eta Ozafrainenak dira, iazko bi finalistenak.

16.00etan hasiko den jaialdia oso erakargarria da. Lehen partidan Thierry Harizmendi eta Paxkal Ezkurra neurtuko dira. Bi pilotari handi lehiatuko dira. Harizmendirentzat bigarren norgehiagoka izango da. Aurreko kanporaketan Ducassou gaztea menderatu zuen 40 eta 35, partida handia jokatuta.

Oso maila onean ari da Nafarroa Behereko pilotaria, eta faborito aterako ez baldin bada ere, lan handia emango dio Ezkurrari. Garaipena lortuko balu ere, ez litzateke ezuste handi horietakoa izango.

Paxkal Ezkurrak ere badaki zer den txapela lortzea, baina Urruñakoa ez da lehengoa. Lesioak ere ugari izan ditu, eta denbora gutxian maila asko jaitsi zaio. Hala ere, finalerdietako atarian dago, eta txartel horri ez dio ihes egiten utzi nahi. Lehen norgehiagoka izatea beti da arriskutsua, baina dirua bere alde aterako da hasieratik.

Bigarren norgehiagoka ere oso polita aurreikusten da. Ximun Lanbertek Herve Etxeberriren aurka jokatuko du. Ximun Lanbert bi kanporaketa gaindituta iritsiko da final-laurdenetara. Garaipen horiek, gainera, oso erraz lortutakoak izan dira eta emandako itxura ere paregabea izan da.

Herve Etxeberrirentzat, berriz, lehen neurketa izango da. Pilotari gaztea izan arren, urte batzuk badaramatza onenen artean, eta pilotari bikaina da. Askok eta askok txapelduna ikusten zuten, baina aurrerapausoa ematea ikaragarri kosta zaio. Oso urduria da, eta nerbioek jan egiten dute partida handietan.

Dena dela, eskarmentua hartzen joan den bezala, lasaiago jokatzen ere ikasten ari da. Berea ematen baldin badu, oso zaila izango du Ximun Lanbertek bera menderatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo