GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziaren alarma gorriari entzungor

Langabezia tasaren azken datuek, urtarrilaren amaierari dagozkionek, beste errekor bat ezarri dute Hego Euskal Herrian. Errekor triste eta ezin kezkagarriagoa. Krisiaren hasieratik, 2008tik alegia, 127.000 lagun gehiago daude lanik gabe -denetara 230.000ra iritsita- eta Gizarte Segurantzan 137.000 gutxiago. Egoera horri, gainera, ez zaio hobera egiteko zantzurik sumatzen; aitzitik, aurreikuspenen arabera, gutxienez urte bukaera arte okertzen jarraituko du. Datuok gizarte drama ikaragarri baten adierazle dira, areago kontuan izanda langabeen %47k ez dutela inolako prestaziorik jasotzen. Langabezia tasa ikaragarri hori ekonomiaren adierazle ere bada, suspertzerik nabaritzen ez zaion ekonomiaren adierazle, hain zuzen. Baina baita instituzioen kudeaketa guztiz okerraren adierazle ere. Izan ere, azken urteetan ezarritako lan erreforma eta murrizketa guztiek beren ustezko helburua lortu beharrean, kontrako efektua eragin dute: langabezia gehiago, lan baldintzak kaskartzeaz gainera. Kudeaketa okerra, edo beharbada zuzenagoa litzateke esatea bakan batzuen interesen mesedetan egindakoa, herritar gehienen kaltetan eta gizartearen parte esanguratsu bat muturreko egoerara eramanda eta denbora luzean beren egoerak hobera egingo duen itxaropenik gabe utzita. Alarma gorriak jo du, baina administrazioek entzungor egiten segitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo