GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Paxkal Ezkurra eta Herve Etxeberri finalerdietako ligaxkan sartu dira

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA

Paxkal Ezkurrak eta Herve Etxeberrik lortu zuten atzo finalerdietako ligaxkan sartzea, Thierry Harizmendi eta Ximun Lanbert mendean hartua. Biak, gainera partida osoan galtzen aritu ziren, eta azkeneko txanpan lortu zuten norgehiagokari buelta eman eta irabaztea.

Paxkal Ezkurrak 40 eta 35 menderatu zuen Harizmendi, baina urruñarra beti atzetik aritu zen. 32-32 berdintzea lortu zuen, eta hortik aurrera erabat nagusitu zen. Harizmendi akitu egin zen, eta ezin izan zion jarraitu lapurtarrak amaieran jarri zuen erritmoari.

67 minutu iraun zuen neurketak, eta saketik 3 kintze egin zituen Ezkurrak eta 6 Harizmendik. Jokoan 31 tanto egin zituen Ezkurrak, eta 22 Thierry Harizmendik. Galdu, berriz, 6 eta 7 egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 0-1, 1-1, 2-2, 4-8, 5-11, 7-15, 16-19, 19-25, 26-31, 32-32, 36-32 eta 40-35.

Beste norgehiagokan Etxeberrik 40 eta 34 irabazi zion Lanberti. Hemen ere irabazlea beti galtzen joan zen, baina azkeneko hamar kintzeetatik zortzi saketik egin zituen, eta hortxe egon zen gakoa, 28-34 galtzen egotetik, 40-34 irabaztera pasa baitzen. 66 minutu iraun zuen partidak, eta saketik 15 tanto egin zituen Etxeberrik, eta 5 Lanbertek. Jokoan, Etxeberrik 19 egin zituen, eta 20 Lanbertek, eta galdu, berriz, 9 eta 6 egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 0-8, 2-13, 5-16, 11-18, 15-24, 20-25, 24-31, 28-34, 34-34 eta 40-34. Datorren igandean hasiko da ligaxka Armendaritzen, eta Ezkurra Waltarirekin arituko da eta Etxeberri Ozafrainekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo