GARA > Idatzia > Kultura

Rikardo III.ari dagokio Londresko aparkalekuan agertu zen gorpuzkia

Irailean Leicesterreko aparkaleku batean aurkitu zituzten hezurrak azken Plantagenet erregeari dagozkiola baieztatu zuten atzo, DNA ikerketa bat egin ostean, prentsaurreko jendetsu batean. Errege honen gorpua 1485ean desagertu zen, Boswoth Fieldserko batailan hil zenean.

p038_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Ingalaterrako Rikardo III.aren hezurrak aurkitu dituztela baieztatu du DNA analisi batek. Pasa den irailean Leicesterreko aparkaleku batean (Londresko erdialdean) aurkitutako gorpuzkiekin zenbait ikerketa gauzatu dituzte orduan bota zuten hipotesia baieztatzeko. «Parkingeko erregea» ezizena zeraman gorpuak badu izena, 500 urteren buruan desagertutako hezurrak topatu ostean. Aurkikuntzaren berri hedabide britainiar guztiek, zein mundu osokoek, jarraitutako prentsaurreko baten bidez eman zuten.

Rikardo III.a Bosworth Fieldseko batailan hil zen 1485ean (gerran zendu zen azken monarka britainiarra da), eta honekin batera Bi Larrosen Gudua amaitu zen, Ingalaterrako koroa eskuratzeko York eta Lancaster dinastien arteko liskarra, alegia, biak ala biak Plantagenet etxekoak. Erregea hil zenean Rikardoren arreba zen Yorkeko Anarekin ezkondu zen Enrike Tudor eta koroa jantzi zuen, bi familien arteko loturaren eredu bilakatuz eta etxe horren erreinua hasiz.

Yorkeko Anaren oinordekoa den Michael Ibsen arotzaren DNAz baliatu dira ikertzaileak topatutako hezurdura errege harena dela jakiteko. Aurretik ere ebidentzia zirkustanzialak zituzten erregearen hilobia aurkitu zutela jakiteko. Izan ere, artxiboetako informazioak zioen bertan izan behar zuela hilobiratuta, eta pertsonaiari buruzko deskribapenek zioten konkorduna zela esklerosia zuelako eta borrokan buruan hartutako kolpe batengatik hil zela. Jo Applebyek, ehorzketan parte hartu zuen hezurren ikerketan adituak, azaldutakoaren arabera, garai hartako hezur multzo bat aurkitzea espero zuen, baina mihise batean bildutako gorpuaren garezurreko zuloa eta bizkarrezur okertua ikusi zituenean «oilo ipurdia» jarri zitzaion.

Lin Foxhall Leicesterreko unibertsitateko irakaslea ere arkeologo taldeko kidea da. Abuztuan, Erdi Aroko plano bat eskuetan zutela, indusketak egiteko baimena eskatu zuten. «Lana oso erraza izan zen. Gainera, arraroa da arkeologian pertsonaia konkretu baten bila joatea, baina hala egin genuen eta gorpua erregistroek zioten leku zehatzean aurkitu genuen», azaldu zuen adituak.

Maltzurra ote?

Gorpuzkiak hamar zauri ditu, horietatik zortzi buruan, eta horiek izan ziren heriotza eragin ziotenak. Horietaz gain, beste zauri batzuk ere baditu, hil ostean eragindakoak. Ikerlariek diotenez, erregea biluztu eta zaldi gainean jarri zuten bere ohorea zikintzeko asmoz. Erregearen inguruko istorio ugari kontatu dira; batzuek diote gizon gogorra baina zintzoa zela, txiroen alde egiten zuela beti. Baina ohikoenak dira kontrakoa diotenak. Maltzurra eta odolzalea omen zen, eta boterea besterik ez zuen gogoan. Hala ere, arkeologoek diote zurrumurru horiek Tudor dinastiak egin zuen «difamazio kanpaina» baten fruitu baino ez direla.

William Shakespearek erregearen inguruko obra idatzi zuen. «The life and death of King Richard III» Britainia Handiaren historiari buruzko tetralogiaren azken zatia da, eta «Hamlet» ostean, idatzi zuen lanik luzeena. Bertan pertsonaia gaizto eta bihozgabea irudikatzen du, eta gaur egun duen ospe txarraren erru handia du idazleak.

Badago Rikardo III.a bere bi hiloben heriotzarekin lotzen duen kondaira bat. 1483an, bere anaia Eduardo IV. erregea hil zen, eta haren bi semeak, Eduardo V.a eta Shrewburyko Rikardo, Gloucesterreko osaba Rikardoren zaindaritzapean gelditu ziren. Honek Eduardoren eta bere emaztearen arteko ezkontza legezkoa ez zela salatu zuen, eta haurrei errege izateko eskubidea kendu zieten. Rikardo III.ak koroa eskuratu eta haurrak Londreseko Dorrean giltzapetu zituen, eta inoiz ez zen beraiei buruz ezer gehiago jakin.

Ikerketak egiterakoan bi haurren gorpuak agertu ziren dorrean, baina analisiek ez dute ezer argitzen, beraz, Plantageneten zalantza handi bilakatu zen istorio hura: haurrak hil egin al zituzten? hala bazen, nork hil zituen? Tudortarren konplota izan al zen dena? «Parkingeko erregearen» misterioa argitzea lortu dute bost menderen buruan, baina «arkeologia thriller» honek badu jarraipena. Trilogia izango ote da?

ERREGEA SAREAN

Sare sozialetan sekulako arrakasta izaten ari da aurkikuntza. Facebookeko «Richard III Leicester» orrialde ofizialaz gain, zenbait profil faltsu daude Twitterren, pertsonaiaren karikaturak egiten.

OSPETSUENA

Rikardo III.a britainiar koroaren erregerik ospetsuenetarikoa da eta eragin handia dauka. Gorpua Leicesterreko Katedralean gordeko dute aurrerantzean, «merezi duen duintasun eta errespetua» izan dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo