GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen Zulaika | Askapenako kidea

Eman izena Brigadetan!

Gure herriaren ibilbide eta ibilerak geureak dira, noski, eta hala izaten jarrai dezala luzaroan! Baina munduaren zilbor sentitzea, ditugun arazoak edo bertuteak geuk bakarrik ditugula pentsatzeak ez digu mesederik egiten. Besteak beste, altxor izugarria baztertzen baitugu: besteengandik ikas dezakeguna eta haiek guregandik jaso dezaketena. Brigadek horretarako balio digute, gainerako herri borrokalariekin hartu-emanetik, joan-etorriko elkartasun eta esperientzia konkretuen kontrabandorako, alegia.

Europa zahar deiturikoan azken urteetan, esaterako, borroka adoretsuak izan ditugu, mobilizazio eta grebak, kaleratzeak eta protestak. Agian, baina, badira aurrera egiten lagun dezaketen adibide eta borroka esperientzia zenbait, batik bat, protesta hutsera mugatzen ez diren haiek; Argentinan, esaterako, gurearen antzeko krisi egoeran, lantegiak langileek eurak bereganatzen hasi zirenekoak, prozesu iraultzaile baten baitan Venezuelako lantegi sozialisten adibideak, behetik gorako ereduak, auzoetako kontzeju komunalak, eta abar.

Jatorrizko herriek, berriz, ez al dute euren bizkarrean milaka urtetako borroka esperientziaren bide xidorra? Mendebaldean hainbeste urtetan sinetsarazi diguten ongizatearen pentsaera kontsumista  baino, nor berarekin, inguruarekin edo ingurukoekin ongi egotearen kontzeptua guztiz garatua dute eta egunerokoan gauzatua. Venezuela, Argentina, Uruguai eta Boliviaz gain, Saharako lurralde okupatuetan edo Palestinan, gurean bezala herri okupatuan bizi beharraren gorabeherak eta erresistentziaren inguruko hartu-emanak ezin uka irakaspen bikainak direnik!

Badakizue, beraz, animatu eta eman izena Askapenak aurten antolaturiko brigadetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo