GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Edurne Alegria Aierdi | Getaria

Deitoragarria!

Larunbatean, Hendaian izandako manifestazioan parte hartu ondoren, Euskal Telebistako 2. kateko berriak entzun nituen. Bertan Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Battitta Salaberri Hendaiako auzapeza elkarrizketatu zituzten. Hirurak gaztelera batuan mintzatu ziren... Gogora dezadan manifestazioa ikastolaren alde zela, hots, euskararen alde.

Alferrik dugu «Euskaraz bizi nahi dut» aldarrikatzea, ondoren, gure inkontzientean kolonizatuaren sindromea uxatzeko gai ez bagara, euskal medioetan erdal elebakarren itzultzaileak izateari uko egiten ez badiogu. Alferrik dugu euskararen erabilerari buruzko inkestak egitea euskara hizkuntza «elbarritutzat» jotzen badugu, erdararen menpetasunari josita balego bezala.

Bidenabar, EITBko zuzendaritza berritzear dagoenez, zera eskatu nahi nieke arduradun berriei: ETBko elkarrizketak, adierazpenak eta abar euskaraz eta gaztelaniaz jaso beharrean, euskaldunen adierazpenak euskara hutsean jaso ditzatela, eta jardunbide hori etxe horretako araua bilaka dadila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo