GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Herritarren aurrezkiak, gizartearen zerbitzuan

Azken garaian hainbat greba orokor izan dira, egoera sozioekonomiko gero eta kaskarragoa dela eta. Erantzun sendoak izan dira eta agerian utzi dute langileek eta gizarteko beste sektore askok jasaten dituzten murrizketek eta eskubide gabetzeek sorrarazi duten haserrea, areago neurri horiek guztiak krisi ekonomikoa eragin dutenen aldeko politiken ondorio baitira. Asteazken Beroak ekimenak, mobilizazioak une zehatz batzuetan ez ezik etengabe ere egin behar direla iritzita, mobilizatzera deitu zituen herritarrak Bilboko auzoetako greba batzordeen bidez. Bilboko udaletxea inguratu zuten, udal gobernuaren aurrekontu murriztaileak salatzeko. Orain, berriz, etxe gabetzeen aurka agertu dira, eta Kutxabanken jokaeraren aurka, etxe gabetzeei dagokionez eta, oro har, xede sozialeko aurrezki kutxa izatetik «merkatu kapitalistaren bideari» heldu diolako. Izan ere, larria da herritarren zerbitzuan egon beharko luketen finantza entitateek bakan batzuen zerbitzuan eta gehienen interesen kaltetan jardutea, banku gehienek bezala. Kontuan izatekoa da bankuek herritarren dirua zertarako erabiltzen duten, bide etikoa edo kontrakoa hautatzen duten. Herritar batek, bakarrik, ezer gutxi egin lezake bere aurrezkiak gizartearen zerbitzuan erabil daitezen, baina herritar askok, denak batera, presio handia egin lezakete, aurrezkiak gizarte borrokarako tresna bihurtuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo