GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako txapelketa

Erabateko ziurtasunik gabe

Xalak oraindik bi milimetroko zuntz haustura du eta ostiralean erabakiko du jokatuko duen ala ez.

p037_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Jokatzeko irrikaz egon arren eta atzo Iruñeko Labriten egindako entrenamendu saio laburrean sentsazio onak izan arren, Xalak ostiralera arte itxarongo du astelehenean Tolosan Binakako Txapelketara itzultzeko moduan dagoen erabakitzeko. Izan ere, atzo Iruñeko San Miguel erietxean egindako erresonantzia magnetikoak erakutsi zuenez, urtarrilaren 20an Eibarren egindako zuntz hausturari bi milimetro geratzen zaizkio oraindik erabat osatzeko eta ez pilotariak berak, ez eta enpresak ere, ez dute behar ez den arriskurik hartu nahi.

Gaurtik astelehenera bitartean dena egoki joanez gero, medikuek hasiera batean iragarritako epean itzuliko litzateke Lekuinekoa txapelketara, hiru edo lau asterako baja izango zela esan baitzioten eta justu astelehenean beteko dira 21 egun, Bengoetxea VI.a-Beroizen aurkako lehian 16-15 aurretik zirela lapurtarrak partida bertan behera utzi behar izan zuenetik.

Ikusitakoaren arabera, Txema Urrutiak, Aspeko sendagileak, itxaropentsu egoteko arrazoiak daudela uste du. «Oraindik erabat osatzeko bi milimetro inguru falta zaizkio hausturari, baina berak agertzen duen sintomatologia ona da eta sentsazioak hilaren 11n jokatzeko moduan egoten saiatzeko modukoak dira», azaldu zuen.

Entrenamendu lasaia

Probaren emaitzak aztertuta, ezker izterra benda batez ondo babestu eta Labritera jo zuen jarraian Xalak, bertan, Jokin Etxaniz enpresako kirol zuzendariaren aginduetara, entrenamendu txiki bat egiteko. Ordu erdi inguruko proba txiki bat baino ez zen izan, bi asteren ostean, takoak berriro jantzi eta nola erantzuten zuen ikusteko saio txiki bat baino ez, eta pilotaria nahikoa gustura geratu zen izandako sentipenekin.

«Sentsazioak nahiko onak izan dira. Kantxan aritu gabe horrenbeste egun eta gero, hasieran beldur apur batekin aritu naiz, baina bukaerarako gustura amaitu dut, minik gabe, eta ikusi egin beharko da astelehenean jokatzeko moduan egongo ote naizen», azaldu zuen.

Inauteriak direla-eta, Ezkurdia eta Zubietaren aurka jokatu beharreko partida astelehenera atzeratu dute eta horrek apur bat zabaldu dio osatzeko duen tartea, oraindik sei egun baititu partidaren egunera arte. Dena dela, azken erabakia etzi Beotibarren egingo den material aukeraketaren ostean hartuko du. Pilotak apartatzeko ekitaldiaren ostean, binakako entrenamendu gogorrago bat egitekoak dira eta bertan izaten dituen sentipenen arabera erabakiko dute jokatzea ala beste aste batez itxarotea.

Badaezpada, txapelketan bere lekua hartu duen eta atzo berarekin Labriten izan zen Jon Jaunarenari prest egoteko esan zion Xalak. «Gauzak behar bezala ez daudela ikusiko banu, nire lekua utzi beharko nioke. Partida bategatik arriskatzea ez baita egokia», azaldu zuen.

Ezin esan daiteke Xala ordezkatzea egokitu zaion bi partidetan Jon Jaunarena gaizki ibili denik, baina bi partida horietan jasotako porrotek eta Xalak min hartu zueneko lehia galdutzat eman behar izanak dezente zaildu dio bikoteari finalerdietan egoteko aukera, txapelketan hasiera ona izan ostean.

Une honetan sailkapeneko seigarren lekuan daude, egun finalerdietarako sailkatuta leudekeen Olaizola II.a-Zabala eta Titin III.a-Merino II.arengandik garaipen bakarrera, eta puntuak ahalik eta azkarren batzen hastea komeni zaie, zuloa handiegia izan ez dadin.

Aitor Zubieta azkenaldian ematen ari den maila ezagututa, pentsatzekoa da Barriolak astelehenean asko sufritu beharko duela Etxarrikoaren aurka eta hor, laura jaitsi edota airez defendatzeko orduan, Xalak Jon Jaunarenak baino askoz dohain handiagoak erakutsi ditu orain arte behintzat. Hortaz, oso garrantzitsua litzateke bikotearen etorkizunari begira Lekuinekoa jokatzeko moduan izatea.

Sunbilla (17.30)

XI Malerrekako Txapelketaren finalerdiak. 22 urtez azpikoak: Goikolea-Imaz / Barandiaran / Gurutzealde; Ugalde II-Ugalde I / Maiza-Zendoia; Eliteak: Esnal-Gorriti / Oronoz-Okiñena; Larrañaga-Altuna / Belloso-Etxamendi.

Urteko bigarren partida Saralegirentzat

Enpresa handiak zailtasun izugarriak izaten ari dira urteko sasoi honetan jaialdiak saldu ahal izateko eta, gauzak horrela, Binakakotik eta Promoziotik kanpo geratu diren pilotarientzat, partida bat jokatzea ia ezinezko bihurtzen ari da.

Ekaitz Saralegi amezketarrarena da honen guztiaren adibiderik argigarrienetako bat, datorren asteartean Tolosan, otsail erdialdean, urteko bigarren partida jokatuko baitu. Egoeraren larritasunaz jabetuta eta jokatzeko esperantzak apur bat galduta, asteko programazioari begiratu gabe, Euskadi Irratiko «Katedra» saioan jakin zuen astelehen gauean datorren asteartean jokatzekoa dela eta pozik hartu zuen, hilabete bat geroago, kantxetara itzultzeko aukera hau, nahiz eta hirugarren partida izan.

Asegarcek Etor Mendiaren aginduetara antolatutako taldean sekula baino gusturago ari omen da fisikoki lantzen, baina asteburuetako partidak botatzen ditu faltan. Egoera bereziki larria izan daiteke gainera berea, hilaren amaieran amaitzen baitzaio kontratua eta enpresak ez omen dio ezer esan. J.O.

Jaunarena, prest

Aspen itxaropentsu daude Xalak astelehenean jokatzeko dituen aukeren inguruan, baina ez dute arriskatu nahi eta, badaezpada, Jon Jaunarenari prest egoteko esan diote, berak ordezkatuko bailuke berriz ere, jokatzeko moduan egongo ez balitz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo