GARA > Idatzia > Kultura

Kilometroetako kanta inauterietan dantzatzeko garaiz iritsi da

Tolosako gazteek sortu dute 2013ko Kilometroetako kanta, eta herrian handiki ospatzen dituzten inauteriak hastear daudenez, presaka ibili dira datozen festa egunetan euskararen aldeko aldarria daraman abestia aurkezteko. Taberna zein karrozetan entzun ahal izango da.
p040_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Goiz dabiltza aurtengo Kilometroetako antolatzaileak; izan ere, atzo aurtengo kanta aurkeztu zuten Donostian. Urriaren 6an Tolosan ospatuko da Gipuzkoako ikastolen jaia, eta herri horretan inauteriek duten garrantziagatik presaka aritu dira asteburu honetarako kanta prest izateko. Unai Igartua koordinatzaileak sudur gorria eta guzti jantzi zuen «Ahora!» leloa daraman kantari buruz hitz egiteko.

Tolosako balkoiak kolorezko izaraz betetzen ari dira jada inauterietako ospakizunei ongietorria egiteko, eta Laskorain ikastolak egun horiek ere aprobetxatuko ditu herrian euskara sustatzeko duen ardurari heltzeko. Xabier Zeberio kantaren ekoizleak esan bezala, «tolosarrentzat urtea bitan banatzen da; inauterien aurrekoa eta ondorengoa», beraz, lanak azkar egin dituzte dena garaiz prest izateko eta festa hauetan ere «euskara `ahora' eramateko».

Urtarriletik hona herriko tabernetan abestia banatzen aritu dira, baita sare sozialetan ere, eta datozen egunetan karrozetan banatzeko asmoa ere badute. Helburua kanta txoko guztietan entzutea da, eta zabaltzen duen mezua, jaian murgilduta, txoko guztietan hedatzea da.

Zeberiok azaldutakoaren arabera, hasieratik argi zuten abestia tolosarrek egin behar zutela, eta pertsona ospetsuenagana jo beharrean, gazte jendeari eskatu zioten laguntza. Bonbereneako gazte kolektibotik atera dira musikariak, eta bertako estudioetan grabatu dute. Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak osatu du letra eta bera da abeslari nagusia. Honek azaldu zuen inoiz ez duela taldetik kanpo inorentzat letrarik egin, baina pozik hartu zuen lana. «Ahora!» leloa eman zioten, eta hori oinarrian izanik nahi zuena idazteko askatasuna eman zioten. «Tolosa oso herri euskalduna da, baina gure artean gaztelaniaz aritzen gara, beste herri askotan bezala. Ideia hori ekarri nahi izan dut gogora», aitortu zuen abeslariak.

Kantak ez du orain arteko Kilometroen abestien antzik; reggae estilokoa da, «nik ez dakit besterik egiten -onartu zuen-, baina tolosarra naiz eta txarangeroa ehuneko ehunean». Izan ere, Bonbereneako txarangak egin du musika, herriko tradizioari jarraituz, baina Arakamaren reggae estilora moldatuz.

Horrez gain, Laskorain ikastolako abesbatzako haurrek parte hartzea ere nahi zuten; beraz, umeek ere badute garrantzia abestian. Naiara Mintegia Laskabesbatzaren zuzendariak aitortu zuen umeentzat pozgarria izan dela ikastolen aldeko jaiari laguntzea.

Kantaren aurkezpena aurreratzea izan da aurtengo aldaketetako bat, baina ez bakarra. Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantxa Manterolak esandakoaren arabera, aurtengo jaiak bestelako plangintza jarraituko du (aurrerago azalduko dutena), gazteen partaidetza sustatzeko, bere aburuz, Kilometroetara «gauzak ikustera besterik ez» direlako joaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo