GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Hauek ez dira umekeriak

Ikasturtea aspaldi hasita dago eta lagun berriak egingo ote dituen pentsatzen abiatu da Ane institutu berrira. Faltan botako du Elene. Jakin badaki bere lagun minari bidalitako gutunak eragin duela egoera hau guztia, baina ezin du ulertu zergatik joan behar izan duen berak eskolatik. Jolastokian irudikatzen ditu bere gutunaren kontura barrezka ibili zaizkion gelakideak eta ezin du ulertu zergatik den bera psikologoarengana joan behar duena, lehen gitarra-klaseak zituen orduetan. Zigortua sentitzen da eta motxila berria erosi dioten arren, ezin du burutik kendu horren gustuko zuen poltsa koloretsuan idatzi zizkioten irainak eta «bollera zikina» hitzek kolpatzen dute bere burua etengabe.

Anerekin gogoratu nintzen Rikardo Arregik iragan asteko «Deia»-n idatzitako «Homofobia da hitza» artikuluarekin. Zorrotz zuzendu zitzaion Rikardo gure eskoletan izandako bullying delako azken kasuen inguruan mintzatu den askori, eraso hauen ardatzari eutsi ez diotelako. Ulertezina egiten zaigu askori kasu hauen inguruan hitz egitean dirauen tabua, lesbofobia edo homofobia hitzak aipatzeari beldurra izango bagenio bezala.

Rikardo; zuk ta biok badakigu zer den institutuan nora ezean ibiltzea eta ezin izatea amodio gutunik idatzi, idatzi behar genuena ez zelako gutaz espero. Orain gure gutunak egunkarietan plazaratzen diren honetan eta hitzei beldurra izan behar ez zaiela ulertu dugunean, idatz dezagun Ane, Julen, Koldo, Elene eta eskoletara ikaraz doazen neska-mutilek idatzi ezin dituztenak.