GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Eider Olazar izendatu dute Azti-Begia elkarteko lehendakari berri

 

K.L. | DONOSTIA

Iñaki Altuna izan da orain arte Info 7 irratia kudeatzen duen Azti-Begia elkarteko presidentea. Berriki Naiz.info atari digitalean zein GARA egunkarian hartutako ardurak direla-eta, lehendakaritza uztera behartuta ikusi du bere burua. «Lan bateraezinak» direla aitortu zuen Altunak bazkide batzarrean.

Info 7 irratiak zazpi urte bete dituenean etorri da lehendakaritza aldaketa Azti-Begia elkartera. Iñaki Altunaren arabera, Eider Olazar lehendakari berriak bultzada ekarriko dio bai elkarteari, baita irratiari ere, proiektuari lotuta baitago hasieratik.

Bazkideen aurrean egindako azken hitzaldian, Altunak irratiko zazpi urteen balorazio orokorra egin zuen. Honek azaldutakoaren arabera, irratiak hasieratik jarritako erronkak bete egin ditu eta aurrerapauso nabarmenak eman ditu gainera, hasieratik ardatz izan den oinarri herritarra mantenduz (Azti-Begia elkarteak 2.000 bazkide ditu).

Elkarteko presidente ohiak adierazi zuenez, beste komunikabideekin egindako elkarlana eta Arrosa irrati sarean parte hartzea ezinbestekoak izan dira. Bestalde, Baietz Fundazioarentzat eta Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartearentzat esker oneko hitzak izan zituen Altunak.

Irrati-lizentziak

Bazkideen batzarrean garrantzi handia hartu zuen irrati-lizentzia banaketaren aferak. Berriki banatu dira emisio baimenak Nafarroan eta EAEn; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertan behera geratu dira eta Iñigo Urkulluren gobernuari dagokio orain FM-ko lizentzia deialdia egiteko ardura.

Bi kasuetan izandako injustiziak nabarmendu ziren batzarrean; Nafarroan Euskalerria Irratia lizentzia gabe geratu delako, eta EAEn euskararen zabalpenerako giltza izan zitekeen Hamaika Irratiaren egitasmoa ere ez zelako aurrera atera.