GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Kriminalak

Espainiako banka, ekonomia espekulatiboaren mesedetan ekonomia erreala suntsitu duena. Espainiako banka, balantzeak zuritzeko diru publikoa -denon dirua, baita etxea ordaindu ezin dutenena ere- eskuratu duena

Ez zuen purrustada bat bota. Ez zuen aurrean zeukan gizona laidotu. Ezta iraindu ere. Sasikume, kaka mokordo, txerri saskel edo zerri puta higuingarri, ahobeltz zantar edo putre zital ustel deitu ahal zion, esaterako, eta ez legoke soberan. Baina ez. Ez zion horrelakorik bota. Aitzitik, kriminal deitu zion. Errealitatearen deskribapen hutsa egin zuen. Ez gehiagorik, ezta gutxiagorik ere.

Espainiako Bankuen Elkarteko idazkari nagusiordea zen aurrean zeukana. Eta oso ondo azaldu nuen andrazko honek zertan datzan horien krimena. Ez zen aritu ikuspegi pertsonaletik, etxea galdu duten edo galtzeko zorian dauden herritarren kasuez besterik ez. Ez. Populazio osoaren kontrako krimenak lau berbatan eta erraz-erraz ipini zituen mahai gainean.

Espainiako banka, ekonomia espekulatiboaren mesedetan ekonomia erreala suntsitu duena. Espainiako banka, diru publikoa -denon dirua, baita etxea ordaindu ezin dutenena ere- eskuratu duena balantzeak zuritzeko. Espainiako banka, diru hori guztia zuzenean jaso ez ezik, zorpetze kolektiboa maila jasanezinera ere eraman duena eta horren bitartez ere negozioa egiten jarraitzen duena. Espainiako banka, zerbitzu publikoak murrizteko agintzen duena. Espainiako banka, iruzurrak bata bestearen segidan kateatu dituena, bai hipotekekin, bai preferenteekin edota eskema piramidaleko bestelako produktu batzuekin ere. Espainiako banka, PPk berak gonbidatu zuena foro horretan berba egitera.

Eta zer izan zen aditu horren mezua? Sistema ez dela txarra, kontrakoa baizik. Aurreko guztiak argi uzten du sistemak funtzionatzen duela, bai, eta ondo baino hobeto gainera. Kontua da noren intereserako eta zein helbururekin. Etxebizitzak ez direla legediagatik galtzen eta legedi hori ukitzeak euren hipotekak ordaintzen dituzten herritarren «ordainketa kultura» kaltetuko lukeela. «Kultura» deitu zion xantaia eta mehatxuari. «Kultura» deitu zion hipoteka ordaindu behar dela-eta familiaren oinarrizko premiak behar bezala ez asetzeari; hau da, familia hori babesten duen teilatua gordetzeagatik ez bizitzeari esan zion «kultura».

Populazio oso bat pobrezian murgiltzea, enplegu barik, etxebizitza barik, oinarrizko prestazio barik, osasun barik, hezkuntza barik, berokuntza sistema barik, egunero patatak eta arrautzak jaten... hori krimena da, populazio oso baten kontrako krimena. Eta krimen hori agintzen duen botere ekonomiko zein finantzarioa eta aginte horiek betetzen dituen aginte politikoa, aginte horien atzean dauden gizon trajedunak, kriminalak dira.

Hasieran esan dudan bezala, ez zuen biraorik bota, ezta madarikaziorik ere. Ez zion deitu txakurkume edo sasigizon. Ez zion lapur edo alproja edo badaezpadako bat bera ere bota. Ez esateagatik, ez mingain-ustel, ez simaur troko, ez apotzar ugerdo. Ez nazkante edo atorrante, ez zazpi larruko esku-lohi edo infernuko putalarru. Benetan egon zen neurtuta.

Nik neuk ez nuke lortuko. Eta zuotako askok ere lortuko ez zenuketenez, hortxe dauzkazue hainbat adibide. Ijitoen madarikazioak hurrengorako utziko ditut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo