GARA > Idatzia > Euskal Herria

HIL OHARRA | CLARIE HARAN

Claire Haran zendu da, Seaskari Baionako Hotel des Basques dohaintzan eman zion anderea

p017_f02.jpg

A.B.-M.U. | BAIONA

Hogei urte zituela, gurasoekin batera, Baionako San Andres plazako Hotel des Basques hotelean lekutu zen Claire Haran, eta, bertan, bere bizitzaren zati handi bat igaro zuen, joan den astearte gauean zendu zen arte. Bere hotelaren lehen pisuko apartamenduan bizi zen emakumeak komunikabide eta euskaltzaleen atentzioa piztu zuen 2010ean, Seaskari egindako dohaintza oso berezi baten ondoren.

Familiak Baionan zuen lau estaiko hotela Iparraldeko ikastolen esku utzi zuen. Bere erabakia azaltzeko orduan hala mintzatu zen Claire Haran: «Seme-alabarik ez daukat, eta nire adinarekin... zendako da dirua! Gainera euskararen defentsa egitea ezinbestekoa da gure herriaren geroa ziurtatzeko». Senideek ere harriduraz hartu zuten berria, baita pozez ere. Igande askotan egiten zuen bezala, bere anaia Ximun Haranen etxera hurbildu zen bazkaltzera, eta, horrelako bisita batean hotela Seaskari ematea erabaki zuela jakinarazi zion.

Parisko abokatu batek eta kazetari batek hotela erosteko proposamenak egin zizkioten, baina denak baztertu zituen. «Gertatutakoa jakin zuelarik, abokatuak prezioa 600.000 eurora igo zuen», argitu zuten senideek, baina Claire Haranek berean jarraitu, eta dohaintza bururaino eraman zuen.

Azken urteotan apaldu da Hotel des Basques-eko ganbara zein korridoreetan 60ko hamarkadan zegoen mugimendu azkarra. Urte gozoetan, ordea, Arrangoitzetik etorria zen Haran familiak, sukaldearen usaina lagun, jende anitz erakarri zuen bertara.

Claire Haranek bere gurasoek urtetan eman zuten lan gogorrari bestelako segida ematea deliberatu zuen, beraz. Diru eskaintza interesgarriei uko eginik, historia txikiz beteriko hotela herriaren Historian sartzeko moduko erabakia hartu zuen.

Gurasoekin batera, Arrangoitzeko Markesaren jauregian jardun zuen lanean Clairek aita-amak kanporatuak izan ziren arte. Hamazazpi urte zituela markesaren idazkari lana egiten hasi zen, eta horrela jarraitu zuen, hogeita bi urteetara arte. Gurasoekin batera Hotel des Basques altxatu zuen orduan, eta, urteak eman zituen hotelaren beheko aldean kokatua zen ostatuan lanean. Abertzale eta euskaltzale amorratua, Ximun Haran anaiaren engaiamendu politikoa hurbiletik jarraitu zuen Clairek, eta horren ondorioz, Enbata mugimenduak haren etxean izan zuen bere lehenengo egoitza.

Euskarari zion atxikimendua da azken urteotan emakume honetaz bereziki nabarmendu den irudia. Seaskari dohaintza egin ziolarik bi baldintza finkatu zituen, «Hôtel des Basques» izena eraikinaren aurreko horman mantentzearekin batera, etxea euskararen aldeko ekimen baterako atxikitzeko eskatu zuen. Baionako bihotzean euskarari taupada berria emateko desafioa aitzina eramatea nahi zuen, alegia. Eta hil aurretik agindu zuen bere hiletan ez zuela nahi hitz bat bera ere frantsesez.

Bihotza aspaldidanik akitua zeukan Claire Haranek, eta bi aste erietxean igaro ondoren zendu zen asteartean. Izaera azkar eta indar handiko emakume bat zela adierazi zuten senideek bera gogoratzerakoan. San Andres izugarri maite zuen, eta azken asteetara arte, autonomia osoz bizi izan zen, erosketak merkatuan eginez eta noizean behin etxe azpiko Gernika jatetxera hurbilduz bazkaltzera.

Hileta elizkizuna gaur izango da Arrangoitzeko elizan, osorik euskaraz, Xipri Arbelbideren eskutik. Bitartean, senideek bisitak hartuko dituzte, Luhusoko Herritartzea etxean.

 

HIL OHARRA

Jaioterria: Arrangoitze, 1924ko urtarrilaren 30a. > Lanbidea: 22 urte arte Arrangoitzeko markesaren idazkaria. Ondotik, Hotel des Basques hoteleko ostalaria. > Bizilekua: Baionako San Andres plaza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo