GARA > Idatzia > Kultura

EITBren gaineko aferan manipulatzen aritzea egotzi dio EAJk EH Bilduri

«Manipulatzea», «gezurretan aritzea» eta «leialtasun falta» egotzi zizkion, besteak beste, atzo EAJk EH Bilduri, EITBren zuzendari nagusia aukeratzeko negoziaketen inguruko aferan. Joan den asteartean Bilbon izandako bileran Mikel Agirre bakarrik agertu izana Laura Mintegiri leporatu zion, Mintegik berak ez omen zielako jeltzaleei deitu. «Ezkutuko negoziazioak estaltzeko» arreta desbideratzen ahalegintzen ari dela erantzun zion EH Bilduk.

A.E. | DONOSTIA

EH Bilduk eta Mikel Agirrek, EITBren zuzendari nagusia izateko EAJ aukeratutako hautagaiak, joan den asteartean Bilbon izandako bilerak hautsak harrotu ditu. EH Bilduk egindako balorazioak, baita GARAk argitaratutako albisteak ere, biziki haserrarazi du alderdi jeltzalea, eta horren erakusgarri, atzo kaleratu zuten agirian jaurtitako hitz gogorrak: «Koalizioak egin duen balorazioa gezurrez eta manipulazioz beteta dago. Gure alderdiarekiko errespetu falta erakutsi du, baita hirugarren pertsona batekiko ere, kasu honetan Mikel Agirre EITBko profesionalarekiko».

EAJren hitzetan, alderdi guztiei elkarrizketa esparru berbera eskaini zitzaien eta, horren harira, bai Andoni Ortuzarrek bai Joseba Egibarrek Laura Mintegiri jakinarazi omen zioten «alderdi honek gai honen inguruan duen jarrera, eta behar besteko bilerak egiteko prest agertu dira, prozesuan aurrera egiteko helburuarekin».

EAJren esanetan, Bilbon izan zen bilkuran ez zen jeltzaleen ordezkaririk agertu, Laura Mintegik berak bilera zuzenean Mikel Agirrerekin antolatu zuelako, jeltzaleen ordezkaririk deitu gabe.

Horrez gain, bileraren edukia argitara ematea manipulaziotzat jo zuten jeltzaleek, eta, beraien esanetan, «EAJ-PNVri, EITBrako datuak eta zifrak jasotzen dituen ustezko plan batzuk izatea leporatu izanak, alderdi honetako inork deus esan ez duenean, agerian uzten du Bilduren bozeramaileak balio eskasa ematen diola egiari eta jardun politikoan behar den elkarrekiko leialtasunari». Hori dela eta, koalizio soberanistak kalitatezko irrati-telebista publikoa «garatzeko eta aurrera ateratzeko asmorik ez» duela dio EAJk.

«Hauek baldin badira EH Bilduk politikagintzan jarduteko iragarri zituen joera eta modu berriak, EAJ-PNVk nahiago du bere betiko jardunbideari eutsi; hau da, seriotasuna, egia, eta gainerako alderdi guztiei zor zaien errespetua oinarri hartuta», zioen amaieran agiriak.

«Eredu traketsa»

Horiek guztiak «oinarririk gabeko» akusaziotzat jo zituen EH Bilduk horren ondotik kaleratu zuen erantzunean. «Sabin Etxean komunikabideen eta euskal jendartearen arreta desbideratzen saiatzen ari dira beren jokabidea ezkutatzeko», salatu zuen; izan ere, koalizioaren ustez, «EAJren salaketaren helburu bakarra EITBko zuzendaritza berria izendatzeko abiarazi duten negoziazio eredu traketsa ezkutatzea da, ez besterik».

Alde horretatik, koalizioak orain artean izandako jarrera berretsi zuen, arduradun berriak izendatu aurretik irrati-telebista publikoaren ereduaz sakon eztabaidatu beharra dagoela nabarmenduta. Horren harira, «orain dela hilabete EH Bilduk horren inguruko bere irizpideak idatziz helarazi zizkion EAJri -argitu zuen-. Beraiek ere berdin egingo zutela erantzun zuten, baina hilabete batean ez dute hitz bat bera ere esan ereduaz. EAJk ez du bere hitza bete, beraz».

ETBren ereduaren gaineko eztabaidari heltzeko eskatu zietenean, jeltzaleek Mikel Agirrerekin hitzordua adostu zezatela erantzun zieten, Andoni Ortuzar horren guztiaren jakinaren gainean zegoelarik, EH Bilduren esanetan. «Ez dagokio EH Bilduri EAJren izenean bileretara nortzuk joan behar duten erabakitzea -aipatu zuen-, baina EAJk ezin du esan gonbidatuta ez zegoenik».

EITBren zuzendaritzarako hautagaiarekin Bilbon izandako bilerari buruz hedabideei Agirre bakarrik joan zela besterik ez ziela jakinarazi argitu zuen EH Bilduk, eta koalizioarekin «erabili duen negoziazio eredua beste alderdi batzuekin erabilitako berbera izan dela dioenean» EAJ gezurretan ari dela esan zuen, «atzo (asteartea) Mikel Agirrek berak azaldu baitzuen PSErekin elkartu zenean Ortuzarrek ere parte hartu zuela bileran. Nork bere konklusioak atera ditzala!».

EH BILDUK

«Sabin Etxean uste dute gainontzekoen iritzia entzun gabe egin eta desegin dezaketela, baina jokaera horri eutsiz gero, behin baino gehiagotan konturatuko dira beste alderdiek ez dutela beraiek jotako soinuan dantza egingo».

EAJ-PNVK

«EAJ-PNVren ordezkaririk ez zen agertu, ez zelako inor deitua izan. Zaila da benetan hitzordura joatea, gonbidapenik jasotzen ez baduzu. Bilera Mintegi andreak berak antolatu zuen Mikel Agirrerekin, EAJ-PNVren ordezkaririk deitu gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo