GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jose Luis Bilbaok arinkeriaz jokatu zuen, eta barkamena eskatzeak ez du eredugarri bihurtu

Usteak, erdia ustel», dio esaera zaharrak, eta egia erdiak ustelago, esan liteke Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok atzo egin zituen adierazpenak entzundakoan. Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaile ohi Iñaki Etxenagusiak bere kargua uzteagatik 93.000 euroko kitatzea jasoko zuela esan zuen ahaldun nagusiak joan den astelehenean, baina «informazio» hura egia erdia baino ez zela onartu zuen atzo. Besterik da aitorpen hori eta Etxenagusiari barkamena eskatzea haren baitatik edo haren abokatuen aholkutik sortu ziren, Etxenagusiak epaitegira jotzeko egin zuen mehatxuaren ondorioz.

Eta bere arinkeria zuritzeko emandako azalpenek eta, batez ere, barkamen eskeak, halako batean, «hanka sartze larria» egin zuena eredu bihurtu dutela dirudi. Errege espainolak ere, iaz, barkamena eskatu zuen, ez dago argi nori ez zergatik, baina apal-apal agertu zen jendaurrean, hala aholkatu ziotelako, nonbait, eta jasotako maiseoak laudorio bihurtu ziren adierazpen hark iraun zuen segundo bakanen buruan. Bilbaok, barkamena eskatuagatik, arinkeriaz jokatu zuen. Atzo onartu egin zuen, baina horrek ez du ezeren eredu egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo