GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako hitzarmenen defentsan, mobilizazio dinamika abiatu du LABek

Negoziazioen blokeoaren aurrean, herrialdeko hitzarmenak defendatzeko mobilizazioak hasi zituen atzo LAB sindikatuak. Hilabetez, ostegunero elkarretaratzeak egingo ditu CEN patronalaren egoitza aurrean, honek egiten duen lan erreformaren erabilera salatzeko.

p024_f03.jpg

GARA | IRUÑEA

«Gure hitzarmenen defentsan, borroka dezagun» lelopean, mobilizazio dinamika bati ekin dio LABek Nafarroan. Horrela, hilabetez, martxoaren 7ra bitartean, ostegunero elkarretaratzea egingo dute CEN patronalaren egoitza aurrean sektore ezberdinetako hitzarmenen alde. Atzo, Merkataritzako Nafarroako hitzarmena defendatu zuten. Hurrengo ostegunean aldiz, Metalaren hitzarmenaren alde mobilizatuko dira.

Berta Garcia LABeko zerbitzu pribatuetako arduraduna, Igor Arroyo Nafarroako bozeramailea eta Aitor Elizalde Metaleko arduraduna komunikabideen aurrean agertu ziren atzo, deialdiaren berri emateko. Nabarmendu zutenez, Nafarroako patronala «PP-UPNk inposatutako lan erreformaz baliatzen ari da langileen kontra, kaleratu, xantaia egin eta lan baldintzak murrizteko».

Egoera horren aurrean, herrialdeko hitzarmenen aldeko apustua berretsi zuten LABeko ordezkariek. Hitzarmen askok uztailera arteko indarraldia dute, eta hilabete horretatik aurrera indarrean egoteari utziko diotela ohartarazi zuten. Enpresek Estatu mailako hitzarmenak aplikatu ahal izango dituzte une horretatik aurrera.

LABeko ordezkarien arabera, gainerako sindikatuei behin baino gehiagotan luzatu diete modu bateratuan mobilizatzeko proposamena, baina salatu zutenez, «sektore gutxi batzuetan izan ezik, entzungor egin diote gure proposamenari».

Alde horretatik, UGT eta CCOO sindikatuen jarrera salatu zuten, «patronalaren estrategiari men egiteagatik, erosteko ahalmenaren galera onartuz eta hitzarmenen blindajeari uko eginez, Metalean ikusi dugun bezala».

Protestak Araban eta Bizkaian

Bestalde, Araban eta Bizkaian ere mobilizazioak egin zituen atzo LABek herrialdeko Metalaren hitzarmenaren defentsan. Araban, Jolma enpresaren aurrean elkarretaratzea egin zuten eta gerenteari gutun bat helarazi zioten hitzarmenaren negoziazioari buruz dauzkaten kezkak adierazi nahian.

Bizkaian, Ormazabal eta Tecnichapa enpresetako langileek protestak egin zituzten goizeko eta arratsaldeko txandetan. Uztailean, gaur egun indarrean dagoen akordioak indarra galduko duela azpimarratu zuten, eta ondorioz, 700 euroko soldata eta 1.826 orduko lan-urtea aplikatzea posible izango dela salatu zuten. Negoziazio epea aurrera doan honetan, herrialdeko hitzarmenak blindatzea posible dela aldarrikatu zuten eta protestetan parte hartzera deitu zuten.

ostegunero

Nafarroan ostegunero elkarretaratzea egingo dute CEN patronalaren aurrean, txandaka, sektore bakoitzeko hitzarmenaren defentsan. Hurrengo ostegunean, Metal sektoreko akordioa aldarrikatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo