GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Krisi» hitza debekatu dute Tolosako inauterietan

Kale bustiak koloretako oihalekin lehortzen dira inauterietan. Hala gertatu zen atzo eguerdian, inauterien hiriburuan festei hasiera eman zien suziria lehertu zenean. Plaza Zaharra betetzen zuten jendeak, pankartek, irudimenetik sortutako mozorroek. Eta, goitik begiratuta, plaza bera mugimenduan, dantzan ari zela ematen zuen. Saltoak, oihuak, irriak, kantak, ezinegona sumatzen zen, Tolosan bereziki, baina baita beste herri askotan ere.

p016_f01.jpg

GARA | TOLOSA

Balkoietan jartzen dituzten oihal koloretsuak tolosarren inauterietako grinaren adierazle dira. Ibai Iriarte alkateak txupinazoaren aurreko urduritasun eta irrika momentuetan azaldu zuen bezala, herritarren parte-hartzea da jai hauek berezi egiten dituena, eurek sortzen dituzte danborradak, kontzertuak, konpartsak... Eurek egiten dituzte festak diren bezalakoak.

Baina atzo ez zen Iriarte herriko alkatea, bere udal taldeak beste bati eman zion aginte makila, Kabi-Alai elkarteari. Bertako kideek inauterizale kuttun izendatu zuten Poca Tripa inauteriak alaitzen 50 urte bete dituen txaranga, eta pregoia irakurri zuten udaletxeko balkoitik herritarrez betetako Plaza Zaharrera begira. «Kaixo tolosarrok, hemen zaudetenok eta falta direnak!» agurtu zuen festetako alkateak. Data hauetan eguneroko arazoak baztertuta gelditzen direla adierazi zuen, eta nahiz eta debekua berez ez gustuko izan, aurten gauza bat debekatuko dutela abisatu zuen, «krisi» hitza hain zuzen.

«Zaila da herriarentzat zerbait ona egitea, debekatu dugun hitz horregatik. Baina azkenean lortu dugu Tolosa eta Donostia lotuko dituen metroaren linea egiteko konpromisoa hartzea. Aldundiarekin dugun harreman ona aprobetxatuz, baita herriaren sarrerako obra ere», agertu zuen harrotasunez. Eta urrunago ere joan zen: «Metroa eginez, aspaldian kendu ziguten hiriburutza berriro lor dezakegula iruditzen zaigu. Horretan jarri behar ditugu indar guztiak!».

«Gora Tolosa! Gora Euskal Herria!» garrasiarekin eztanda egin zuen suziriak eta orduan bai, dantzan hasi zen plaza bera ere, mugimendu inprobisatu eta zoroan.

Asteartera arte hala ibiliko dira Tolosako kaleak, koloretako oihalekin lehortzen, Euskal Herriko hiri eta herri ugari bezala. Bilbon, aratusteak hasi zituzten konpartsek, atzo arratsaldean Plaza Barrian egindako Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin. Farolin Manu Iturregi da, esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra, Bilboren izena ahotan erabili eta izaera hori azpimarratzen duen pertsonaia; Zaranbolas, berriz, Gontzal Azkoitia gibel-handia da, bilbotar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona, ondo bizitzea maite duen pertsona. Plazatik abiatuta, ganbarako arropa zaharrak kanpotik eta festarako gogo itzela barrutik, kalejira bat egin zuten Alde Zaharrean barna inauterien etorrera iragartzeko. Gaur, txikientzako jaia eta txokolatada izango dira Plaza Barrian goizean eta Bilbo Kantari Kalderapekon arratsaldean. Eta bihar, konpartsen jaitsiera eta aratusteetako desfile handia, Plaza Biribilean hasita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo