GARA > Idatzia > Ekonomia

ELBren zerrendak lortu du boz gehien Lapurdin eta Nafarroa Beherean

Paueko Nekazaritza Ganberako hauteskundeetan ELBk bozen %48,43 lortu du Nafarroa Behere eta Lapurdiko eremuan. Zuberoa, aldiz, Bearnorekin loturik zegoen, eta halere, zerrendak %39,26ko emaitza izan du.

GARA | BAIONA

FDSEA sindikatua garaile atera da asteazken arratsaldean kaleraturiko Paueko Nekazaritza Ganberaren hauteskundeen emaitzetan, Pirinio Atlantikoko Departamendu osoa aintzat hartzen delarik. Baina tokian tokiko datuek bestelako irudia eman dute.

Lapurdin eta Nafarroa Beherean, Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuak gaina hartu dio FDSEA sindikatuari bozen %48,43 lortuz; eta FDSEAk, berriz, %47,97. Sei urtetik behin egiten diren hauteskunde horietan, ELBk azken urteotan izandako nagusitasuna mantentzea lortu du, beraz, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko emaitzetan. Zuberoari dagokionez, Bearnoko Oloroeko lurraldeari loturiko hauteskunde barrutia osatzen zuen, eta emaitzek ez dute ikuspegi xehe bat izateko aukera ematen. Halere, barruti horretan, Confederation Paysanne eta ELB sindikatuak batzen dituen zerrendak %39,26ko emaitza lortu du, eta FDSEAk, bestalde, %48,50 eskuratu ditu. ELB sindikatua, FDSEA bezainbat, pozik agertu da emaitza horiekin. Emaitza orokorretan boz kopurua emendatzea lortzeaz gain, FDSEA sindikatu nagusia, lehen aldiko, %50eko mailaren azpitik geratu dela nabarmendu du.

Emaitza horiek, laborantza iraunkorraren aldeko lanean jarraitzeko «bizkortu» egiten dituela azaldu zuen ELB sindikatuko Mixel Berhokoirigoinek «Sud-Ouest» egunkarian. Horrez gain, hauteskundeetan emandako hitza beteko dutela ere esan zuen, eta Paueko egiturara joango direla lan hori bultzatzeko.

Aurreko hauteskundeekin alderatuz aurtengo emaitzetan parte-hartzeak behera egin du %69tik %64ra pasatuz.

LAB sindikatua

Laborarien kolegioarekin batera, beste sailetako ordezkariak ere aukeratu dituzte hauteskundeotan. LAB hirugarren indarra izan da langileak ordezkatzeko sailean, lehen aldiz aurkeztuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo