GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Pauso bat aurrera emateko garaia dute euskal taldeek

Avironek Perpinya hartuko du gaur 15.00etan, eta Biarritzek Montpellierren jokatuko du 20.40ean.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Astebeteko atsedenaren ostean itzuliko da Top 14a, eta Avironek eta Biarritzek berriro ere norgehiagoka garrantzitsuak izango dituzte. Zuri-urdinek beheko postuetatik ihes egin dute, baina Heineken Koparako sailkatu nahi duten taldeak ihes egiten ari zaizkio. Biarritz, berriz, datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean sartzeko borrokan dabil, baina lau puntuak behar ditu, bestela aurrekoek ihes egingo diote.

Avironek Perpinya hartuko du gaur Jean Dauguer estadioan, 15.00etan. Zuri-urdinentzat partida garrantzitsua da. Lapurtarrek jakin badakite egiten dutena eginda ere, dauden lekutik ez direla mugituko; baina galtzeak edo irabazteak garrantzi handia izango luke. Galduko balute, beheko postuetan dauden taldeak gerturatu egin litezke, eta egoera okertu. Irabazita, Europan sartzeko borrokan dabiltzan taldeengana hurbildu daitezke, eta lehia horretan dabilen taldeetako bat da Perpinya.

Baionarrak sailkapeneko hamaikagarren postuan daude, 30 punturekin. Hamasei partidetatik sei irabazi eta hamar galdu dituzte. Perpinya, berriz, zazpigarren postuan dago, zortzi puntu gehiagorekin, zortzi irabazi eta beste horrenbeste galduta. Beraz, Lapurdiko hiriburukoek gaur irabazten badute, gutxienez, lau puntura jarriko dira. Hamabostekoari dagokionean, zuri-urdinen entrenatzaileak ez du eman ezagutzera, eta partida hasi baino bi ordu lehenago ezagutaraziko omen du.

Biarritzek, berriz, 20.40ean jokatuko du Montpellierren zelaian. Partida hau ere oso garrantzitsua da, baina frantziarrak sekulako denboraldia egiten ari dira, eta zuri-gorrientzat oso norgehiagoka zaila izango da. Montpellierrek Ligako finalerdiak zuzenean jokatu nahi ditu, eta horretarako puntuak behar ditu. Laugarren daude sailkapen nagusian 45 punturekin, eta Stade Toulosain bost puntura bakarrik daukate.

Biarritzek, aldiz, berriro ere lehen zazpien artean sartu nahi du, eta hor dagoen borroka eta berdintasuna eta oreka kontuan hartuta, hori lor dezake jardunaldi honen ostean, baina horretarako lau puntuak behar ditu, eta aurretik dituen taldeek galtzea. Lapurtarren arazorik handiena beren erregulartasun falta da, eta beraiez edozer espero daiteke, partida handi bat egin eta irabaztea, edo alderantzizkoa ere bai. Entrenatzaile aldaketak ere ez du aparteko eraginik egin.

Gaurko Liga jardunaldiak Sei Nazioetako lehiaketarekin bat egingo du, eta horrek kalte handi samarra egingo die talde bati baino gehiagori, baina Biarritzi eta Avironi ez diete eragin handirik egingo, eta horretaz baliatu nahiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo