GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Otaegik eta Otañok hasitako lana ongi amaitu nahi dute

Ugaitz Mugertzaren eta Aitzol Atutxaren aurka jokatuko dute itzulerako finalerdia. Bi minututik gorako aldearekin ekingo diote azkeneko saioari.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Bihar eguerdian ezagutuko da Mendaroko pilotalekuan finala jokatuko duen lehen bikotea, izan ere, lehen finalerdiko itzulerako saioa jokatuko da. Alde batetik Joseba Otaegi eta Unai Otaño, egungo txapeldunak, eta bestetik Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza arituko dira.

Ibarrakoa eta Zizurkilgoa aterako dira garaipena lortzeko faboritoak. Joanekoan bi minututik gorako zuloa egin zuten, eta horri buelta ematea oso zaila izango dute bizkaitar eta gipuzkoar gazteek. Joaneko saio hartan iraupen proba izan zen erabakigarriena, han ia minutu bateko tartea zabaldu zuten-eta.

Biharkoan ere azkeneko proban erabakiko da seguruenik ere, aurretik tarte zabala lortzea ez baita batere erraza izango. Beraz, Atutxak eta Mugertzak finalerako txartela lortzea oso zaila izango dute. Bihar 12.00etatik aurrera jokatuko den norgehiagoka irabazi egin beharko dute, eta aurka duten alde horri buelta eman.

Otaegik eta Otañok argi eta garbi utzi dute orain arteko probetan oso indartsu daudela, eta iaz lortutako txapelari eusteko prest daudela. Zizurkilgoak, gainera, apustua prestatzen ere hasi beharko du, eta bere sasoi puntua oraindik hobetu egin beharko du. Hemendik aurrera gora egingo duen aizkolaria da.

Zilarrezko mailan ere bi kanporaketa jokatuko dira, baina horiek gaur izango dira Zeraingo pilotalekuan, 19.00etan. Lehenengo Zaldua eta Dorronsoro Rodriguez II.aren eta Rodriguez I.aren aurka lehiatuko dira. Bikote gipuzkoarra izango da garaipena erdiesteko faboritoa. Bigarren kanporaketan, berriz, Erdozia eta Beltza Kañamares III.aren eta Jauregiren aurka lehiatuko dira. Azken hauek dira garaipena lortzeko faboritoak.

Apustua

Antonio Senosiainek eta Joseba Otaegik apustua sinatu berri dute. Apirilaren 21ean neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Senosiainek bota zion desafioa, eta Olaguekoak 20 kana-erdikotara jokatzeko prest zegoela iragarri zuen, baita dirutan 6.000 euro jokatzeko ere. Hori bai, enborrak berak plazaratu nahi zituela esan zuen. Otaegik ez zion arazo handirik sortu, ia gauza guztiekin ados baitzegoen. Bakarrik, enborrak erdibana plazaratu nahi zituela adierazi zuen zizurkildarrak, eta nafarrak onartu zuen, apustua sinatuz. Hau urteko laugarren apustua izango da, aspaldian gertatu ez dena. Jadanik lehenengoa jokatu dute Irazuk eta Zalduak, eta martxoaren 10ean izango da bigarrena Donezteben. Han Ruben Saralegi eta Xabier Mindegia neurtuko dira. Martxoan ere beste apustu bat izango da.

faboritoak

Joseba Otaegi eta Unai Otaño dira Urrezko Aizkorako egungo txapeldunak. Orain arte ikusitakoarekin, eta erakutsi dutenarekin, aurtengo finalean izateko hautagai oso sendoak dira Ibarrakoa eta Zizurkilgoa.

Zilarrezkoa

Zilarrezko mailan bi kanporaketa jokatuko dira gaur Zerainen. Lehenengo, Zaldua eta Dorronsoso rodrigueztarren aurka arituko dira eta gero Erdozia eta Beltza Jauregiren eta Kañamaresen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo