GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Axi Munian enbaxadore

Surflari ERNEGATUA

Nazareko olatu famatuak zeresana ematen jarraitzen du. Antza, orain artean hartu den olatu handiena Portugalen hartzeak ez die batere graziarik egin iparramerikarrei eta albistea gutxiesten saiatu dira. Edozein bideo edo argazki «klik» hutsal bateko distantziara aurkitzen den garaiotan ordea, ez da erraza halako irudiak saihesten.

Olatu handiak leku askotan izan daitezke, baina kontuz, munduko olatu handiena soilik kolonia estatubatuar batean jazo daiteke. Beraz, protagonista hawaiiarra, traidoretzat izango dute aurrerantzean aberri kideek.

Ziur aski, McNamara berak ere babes gehiago espero zezakeen, politika alde batera utzi behar dela diotenen artean.

Euskaldunok, ordea, harro egoteko moduan gaude. Urtarrilaren 28an Praia Do Norteko uretan town-in egiten ari ziren surflarien artean Axi Muniain baitzegoen.

Hiru bikote ziren Nazareko urautsian; Garrett McNamara eta Kealii Mamala hawaiiarrak, Antonio Silva portugaldarra eta Ramon Navarro txiletarra, eta azkenik, Axi Muniain eta Jerome Sahyoun marokoarra.

McNamarak gailurra jo duela dirudi. Kostako zaio orain artekoa gainditzen. Muniainek ordea, ikasten eta orain artekoak gainditzen jarraitzen duela frogatu du, beraz oraindik noraino iritsiko den ikusteko gaude.

Azken itsasaldiko egunik gogoangarrienetako batean, urautsian McNamara bezalako norbaitekin egonda beti ikasten da zerbait, eta gainera, kasu honetan, Hawaiira joateko ateak ireki zaizkio zarauztarrari. Hori bai, Jaws bezalako olatu batean surf egin nahi badu tresneria hobea beharko duela aholkatu dio hawaiiarrak Muniaini.

Izan ere, Muniainek erabiltzen duen uretako motoa, esate baterako, ez da egokia aparguneetarako, ez atzera ez aurrera geratzen baita. Aparra den lekuetan ibiltzeko, moto berezia behar da.

Dudarik gabe, momentu honetan euskal enbaxadore bat aukeratu beharko banu, Munian aukeratuko nuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo