GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Buruak galtzen

Gizabanakoak sena galtzen duenean burua galtzen du. Elkarteek, ostera, sena galtzen dutenean buruak galtzen edo urruntzen dituzte

Gizabanakoak sena galtzen duenean burua galtzen du. Elkarteek, ostera, sena galtzen dutenean buruak galtzen edo urruntzen dituzte.

Erabaki ez egituratuen sasoian bizi gara. Hau da, iraganeko informazioa mekanikoki aplikatuta erantzun ezin diren galderek inguratzen gaituzte. Eta ez naiz politika instituzionalean zentratuko, gurean horren oparoa den herri mugimendua osatzen duten elkarteetan baizik. Izaera nazional edo herri mailakoak izanda, eta euren proiektuak publi- koki finantzatuak izateko arazorik izan ez dutenez, lanpostu bidezko egitura sendoak sortu badituzte ere, Sobietar Batasuna bezain arin desager litezkeen elkarteez ari naiz.

Herri mugimenduari, eta kultur munduari bereziki, baliabide iturriak, informazio beharrizanak eta antolaketa ereduak asko aldatuko zaizkio urte gutxiren buruan. Erronka garrantzitsuak, guztiak ere, gizarte osoak dituenaren modukoak. Abantaila nagusi batekin, sorkuntza deitzen zaion informazioa konbinatzeko modu berriak eratzeko ustezko gaitasuna. Ustezkoa, ataka heldu arte gaitza baita sortzailea nor den jakiten. Titulu homologatu guztiekin jazotzen den arazo berbera.

Erabaki ez egituratuen sasoian, etorkizuna ez da ailegatzen, sortu egin behar da. Etorkizuna sortzen dutenek aurrera egiten dute. Indartsu sentitzen direlako erosotu eta loak hartu dituenek desagertzeko arrisku handia daukate. Eta kritikaren bidezko akatsen hautemate eta berehalako berrelikadura da esna egoteko modu bakarra.

Ostera, elkarteen barruko hegemoniek, petit komiteek, erabakitze esparru zabalen desagerpen praktikoak, aplikatzen ez diren gogoeta etengabeek, profesionalizazio itxurako soldatapekotze eta egunerokoaren abiaduraren zurrunbiloak etorkizuna sortzeko tresnak itzaltzen dituzte. Gestioa errazagoa bihurtzen da, baina atzean giza-multzoek sortutako baliabideak kudeatzeko ezintasuna ezkutatzen da. Edozein antolakuntza ereduri eragin diezaiokeen gaitz endekatzaile eta hilgarria. Kasu batzuetan, ezin tristeagoa dena, galdu diren buru guztien baturaren potentziala izugarria baita.

Argi dago arazoak ezin konpon genitzakeela sortu zirenean geneukan pentsatzeko era berberarekin. Eta pasioa eragiten diguten infernu txikietatik aldentzen garenean izugarri kostatzen zaigula bueltatzea. Norberaren esparru pribatuaren eraikuntza edozein plangintza kolektibo baino interesgarriagoa baita, askoz kontrolagarriagoa, eta ondorioz, osasuntsuagoa izateaz gainera. Beraz, baliteke baliabide iturri asko betiko itxita egotea Hagako auzitegiak iraganeko akatsen erantzuleak, ez errudunak, epaitu arte. Edo, besterik gabe, gaitza batzuen ezintasun inkontziente eta besteen menpekotasunari egotzi eta indiferentziaren begietatik so egiten dutelako.

Ekidin ezineko kostu horien gainetik, ostera, nazio mailan ditugun giza baliabide guztiak eraginkorki aktibatu eta norabide antolatu bezain sinergikoan jarri behar lituzke herri mugimenduak. Sozio-ekonomiatik hasi eta euskararaino, bertso eskoletatik langile batzordeetara. Horretarako, baina, duguna baino umiltasun handigoa beharko dugu, seguruenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo