GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hemen Angelu elkartea sortu dute abertzale eta ezkertiarrek

GARA | ANGELU

Iragan larunbatean Euskal Herria Bai plataformak agerraldia egin zuen Baionan. Bertan Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako ezkertiar eta abertzaleak bilduko dituen gune iraunkorra sortzeko nahia agertu zuten ekimen horren partaide diren indar politikoek -AB, ezker abertzalea eta EA- militante independenteekin batera, Kazeta.infok argitaratu zuenez.

Hauteskundeetan eskaintza abertzale eta ezkertiarra gauzatzeko asmoz sortu bazen ere, egoera politiko berriari erantzunez «tresna eraginkorra» bihurtzeko anbizioa du. Izan ere, Bil Gaiten ekimenak marraztu bidetik, 2014ko herri hauteskundeetan eskaintza bateratua eraman nahi dute ezkerreko abertzaleek.

Herriz herri, euskara eta euskal kultura, etxebizitza eta lurra, erakunde antolaketa eta lurralde kolektibitatea edota konponbide demokratikoa alorretan dituzten proposamenak ardatz hartuta, hautagaitzak aurkeztu nahi dituzte Iparraldeko herri eta hiri guztietan.

Hautagaitza horiek guztiek engaiamendu zehatza hartuko dute: eskuinarekin akordiorik ez izatea. Irizpide horri helduko dio gaur goizean Angeluko Denon Etxean aurkeztu den elkarte berriak. Ezkertiar eta abertzale gisa aurkezten dute beren burua berau sortu duten lagunek. 30 inguru dira eta beren ideiak herri erakundeetara eramatea dute xede; «angeluarrek dituzten kexa eta beharrei bereziki erantzunez», azaldu zuten.

1989az geroztik, Angelu Zain elkarteak bildu ditu abertzaleak Lapurdiko kostaldeko hirian, esker zein eskuinekoak. Aro politiko berrian eskaintza argia egin nahi dute Hemen Angelu sortu dutenek, baina argiki adierazi dute talde berria ez datorrela Angelu Zain ordezkatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo