GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

PPren gehiengo absolutuaren azken aizkorakada

Legebiltzarrak, teorian bederen, hitzaren eta herri borondatearen egoitza dira. Madrilekoan, aldiz, ez da horrelakorik inon ageri. Hala ikusi da enegarrenez, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako legebiltzarkideek autodeterminazioaren alde aurkeztutako proposamenari PPk bere gehiengo absolutuaren aizkorakadaz eman dion ezetza ikusita. Amaiur, ERC eta BNGko kideek proposamen xumea aurkeztu zuten, demokratikoa, zentzuzkoa eta legitimoa. Beren boto-emaileen sentipen eta desira nazionalei jaramon eginez, beren mandatu zehatzari erantzunez, ekimen sinplea aurkeztu zuten. Aldaketa legal ala bozketa mirakulutsurik ez zuten espero, aitortu gabeko nazioen inguruan hitz egitea nahi zuten, herri eskaera zilegien aurrean denak posizionatu eta erretratatzea, alegia.

PPk, gehiengo absolutua beto eskubidearen sinonimotzat hartuta, tramitazioa bera ere eragotzi du, PSOEren edo CiUren iritziaren kontra. Arrazoia? «Konstituzioaren erreforma» ekarriko duela. PPk, nonbait, Konstituzioaren zaindari eta interprete goren ikusten du bere burua -Auzitegi Konstituzionala zertarako da orduan?-. Lotsagarria da jokabide hori, baina era berean Espainiako demokraziaren maila, edo hobe, mailarik eza ongi asko erretratatzen du. Bidea moztu dio autodeterminazioaren aldeko ekimen horri. Bide horretan, baina, Madrilgo Legebiltzarra ez da egundo hasiera edo helmuga izango. Zorionez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo