GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «Morau» Musikaria

Maltzeta

Eguberri inguruan lagun handi batek Martin Scorssesek ekoiztutako «The Blues» film bilduma ikaragarria oparitu zidan (blues musikaren historia kontatzen dute bertan 7 zinema zuzendari ospetsuk, tartean Win Wenders, Clint Eastwod edota Scorssese bera). Garai bertsuan, neuk neure buruari Juan Luis Zabalak idatzitako Maltzetaren biografia, «Maltzeta, soinu bete bihotz» oparitu nion neure buruari. Eta zer ikusirik dute bi gertakari hauek?, pentsatuko duzu irakurle maite hori. Lehenik eta behin, nahiz eta zuri asko ez axola, bi lanekin izugarri gozatu dut, beraz, biak ala biak aholkatzen dizkiot edozein musikazaleri. Kointzidentzia gehiago topatu daitezkeen arren, horretan utziko ditut alderaketak.

Argigarria izan da, adibidez, bi ekoizpen hauek nire mahaian elkarren ondoan suertatzea. Milaka kilometrotako muga fisiko eta kulturalak halako distantziatzarra ez direna ohartzea. Ez dut, jakina originala izateko asmorik, askok badaki dagoeneko, baina bi ilaratan kokatuko bagenitu, alde batean Maltzeta, Elgeta eta Laja eta bestean Muddy Waters, Willie Dixon eta Sonny Boy Williamson, ziur asko oso labaina gertatuko litzateke bien arteko lerro banatzailea. Zer ikusirik ote dute blues musika Missisipitik Chicagora eramanez XX. mendeko herri musika irauli zuten erraldoi horiek eta erromeriaz erromeria trikitrixa adin nagusitasunera eraman zuten aitzindariek? Herri musikarien ofiziokoak zirela guztiak, alegia, dantzaren langileak, barruak askatzeko hamaika trikimailu asmatu zutenak, deabruarekin musika jolasetan ari zirenak eta bere komunitate naturalean itzal izugarria lortu zutenak, betirako, luzatuko dena. Sugestioa izango da, baina uste dut DVDetako batean Maltzeta ikusi dudala Mudy Watersen atzean jotzen eta barrez «Hoochie Coochie Man» diskoaren grabaketa saioetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo