GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaletasunari buruz esandakoak erretira ditzala eskatu dio EAJk De Andresi

Alderdi jeltzaleak Arabako diputatu nagusiari abertzaletasunari buruz esandakoak erretira ditzala eskatu zion atzo, «adierazpenok arabar gizartearen gehiengoarentzat mingarriak direlako».

GARA | GASTEIZ

EAJk gogor kritikatu zuen atzo Javier de Andres, abertzaletasunak «gaur egungo mundu modernoan tokirik ez daukala» esan zuelako Arabako diputatu nagusiak. Jeltzaleek nabarmendu zutenez, hitz horiek «arabar gizartearen gehiengoarentzat mingarriak izan daitezke».

Prentsa ohar baten bidez, Ramiro Gonzalez Arabako bozeramaile jeltzaleak De Andresen kontra jo zuen, eta «PPko boto-emaileentzat bakarrik gobernatzea» leporatu zion, «azken hauteskundeetan alderdi abertzaleen aldeko botoa eman duten arabarrak mespretxatuz».

Alde horretatik, De Andres kritikatu zuen Gonzalezek, esanez bere jardunean ez dituela desberdintzen Arabako diputatu nagusi eta PPko idazkari izatea.

Bozeramaile jeltzalearen esanetan, «diputatuaren hitzek nahiko deskalifikatzen dute berez», eta hortaz, zuzenketa publikoa egiteko eskatu zion, «arabar gizartearen zati handi baten errespetua berreskuratzeko».

Bilduk ere bai

Koalizio soberanista ere haserre agertu zen diputatu nagusiarekin, halako adierazpenak egitean «ez duelako arabarron gehiengoa ordezkatzen».

«Onartezina da Arabako hautesleen gehiengoaren babesa ez daukan norbaitek abertzaletasunaren inguruan halakoak botatzea, are gehiago herrialdeko aurrekontuak onartzeko EAJren babesa izan eta gero», azaldu zuen Lorena Lopez de Lacalle Bilduko bozeramaileak.

Santander Bankuak antolatutako gosarira diputatu nagusi gisa joan zela jakinda, adierazpen hauek egiteko zer-nolako zilegitasuna daukan galdetu zion Lopez de Lacallek De Andresi.

«Ahaldun Nagusiak berriz ahaztu du herrialde honen gehiengo handi batek Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea babesten duela. Nazioarteko legediak onartzen duen eskubidea, hain zuzen, eta munduko zenbait herrialdek historian zehar erabili duten eskubidea», gaineratu zuen bozeramaile soberanistak.

De Andresek Ipar Euskal Herria eredu gisa jartzea lazgarria iruditu zitzaion Bilduri: «Iparraldeko eredua goratzeak, euskal kultura folklorera baztertuz, bera eta bere gobernuak gure herriaren produkzio kultural eta linguistikoarekiko izan duten interes apurra argitara uzten du. Lotsagarria da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo