GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Postpolitikaren iruzurra dator, kasu!

Neurri gogorrenek aldeko giroa eskatzen dute, erantzun sozialaren arriskua uxatzeko. Paradoxikoki, krisialdiaren irudi latzena botere horien araberako erabakiak hartzeko aitzakia nagusia bilakatzen da

Neo» eta «post» garai hauetan (postmodernitatea, neoliberalismoa...), ezin da postpolitika ahantzi. Politikaren ondotik, postpolitika. Politika -esaten digute- agortu da, arrazoi ezberdinak direla eta: ezker-eskuinaren ardatzaren gaindipena, ustelkeria, jendearen aspertze-haserrea, krisialdiaren eragina, ideologien gainbehera, etab. Zerbait berriaren beharraren aitzin gaude, honenbestez. Hain kaltegarri gertatu diren utopia arriskutsuak alde batera utzi eta jarduera pragmatikoak behar dira, krisiari aurre egiteko, miretsitako hazkundeari berriz heltzeko, eta bizitza politikoa erroetatik garbitzeko. Nola? Erraza da. Politikari gehienak ustelak direnez, teknokratak edota administrazioaren kudeaketa neutroaren profesionalak behar dira.

Postpolitika horrek politika bahitu nahi du, nagusitzen diren interesen araberako kudeaketa erantzun handiegirik gabe inposatzeko. Beraz, ideiaren gibelean agenda argia dago, egitasmo neoliberalean uztartzen dena. Bestela esanda, plan neoliberalaren oinarrietako bat dugu postpolitika. Politikariak ez badira egin beharrekoa bideratzeko gai, lasai, postpolitikoak ditugu prest!

Postpolitikaren formulak tokian tokikoak izaten dira, jakina. Espainiar estatuan trantsizioaren eredua totem bilakatuta, postpolitikaren gakoa kontsentsua berreskuratzea da, inperio kolonialaren krisialdien garaietatik datorren erregenerazioaren kontzeptuari loturik. Bereizkeriak alde batera utzi eta, denak batera, Espainia birsortu behar da.

Trantsizioaren izpirituari eutsi behar zaio, ustelkeria eta liskar artifizialak gaindituz. Esanguratsua da espainiar erregeak halakoak aipatu izana katalanen aldarrikapen independentisten aitzinean. Politika despolitizatu behar da, Franco hil ondotik egin zen moduan, erabaki nagusiak gutxi batzuen eskuetan uzteko.

Naomi Kleinek aipatzen du bere shock doktrinari buruzko liburuan terapia ekonomiko bortitzak trauma kolektibo bat behar duela, shock egoeran jarri behar dela jendartea, edozer onartzeko gai bilakatzeko. Neurri gogorrenek aldeko giroa eskatzen dute, erantzun sozialaren arriskua uxatzeko. Paradoxikoki, krisialdiaren irudi latzena botere ekonomikoen aurpegi itsusiena erakusteko parada den arren, botere horien araberako erabakiak hartzeko aitzakia nagusia bilakatzen da.

Bide beretik, politikari askoren ustelkeria baliatzen da botere ekonomikoen nagusitze operazioei zilegitasuna emateko. Izan ere, politikari ustelak baino zintzoagoak al dira ustelkeria kasuak argitaratzen ari diren komunikabide handien atzean daudenak? Zozoak beleari ipurbeltz, baina iruzurra emankorra da, jendarteak garbitasun erradikal baten beharra barneratzen duen heinean, botere ekonomiko eta beste eliteen araberako erregenerazioa etorriko baita.

Teknokrazia izan daiteke, edota bestelako politikarien protagonismoa («gloria zaharrak»: Aznar, Bono, Gonzalez... «erre gabeko» politikariak: Almunia..., neofalangistak: Rosa Diez..., betiko ultraliberalak: Vidal-Quadras, Esperanza, Mayor Oreja...), baina betiere postpolitikaren esparruan.

Ez da oso postmodernoa agian, baina eredu honen aurrean, nik politika nahiago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo