GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PARTE ZAHARRA EUSKAL KANTUZ BETE ZUTEN

Festa galanta, Kantu Jirak hamar urte egin dituela ospatzeko

Txiki jaio zen Kantu Jira Donostian, baina hilabete gutxitan errotu zen eta egun ohitura bat baino gehiago da. Gero eta indar handiagoa duela ospatu zuten atzo kantuz. Nola bestela?

p008_f01.jpg

p008_f02.jpg

p008_f03.jpg

Nagore BELASTEGI

Hilabeteko hirugarren larunbatean atera ohi da, 2003tik hona, Donostiako Kantu Jira, Donostian Kantuz elkarteak sustatuta. Astero-astero 250- 300 bat lagunek osaturiko talde txukuna ibiltzen da kantari, baina atzokoa egun berezia zen. Lehendabiziko hamar urteak ez dira egunero betetzen eta Gipuzkoako kantuzale, euskaltzale eta «ondopasazaleak» hiriburura gerturatu ziren horren karietara. Ia mila lagunek batu zituzten eztarriak, batzuek besteek baino hobeto. Izan ere, Joserra Beloki Donostian Kantuz-eko kideak azaldu zuenez Kantu Jiran kaleko jende arruntak hartzen du parte, atzo koruren bat ere eurekin ibili bazen ere. Ahotsa jartzeaz gain, bihotza eta gogoa ere jarri zituzten partaideek, eta marka horrekin ez dago belarri-fin jartzerik.

«Topa dagigula» kantarekin hasi zuten jira Konstituzio plazan, nola ez sagardoarekin topa eginez. Ondoren Parte Zaharretik mugitzen hasi ziren dultzainero, trikitilari, txistulari, gitarra jotzaile eta bestelako musikariz lagunduta. Kalez kale kantatu zituzten euskal kulturan sakon errotutako kantak: «Muñagorriren bertsoak», «Azken dantza», «Erribera», «Martxa baten lehen notak»... eta amaitzean, noski, sekulako txalo zaparrada eskaini zioten elkarri. Kantarien artean ziren Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Euskara eta Kultura zinegotzi Nerea Txapartegi, poz-pozik, kantu liburuxka eskuan zutela.

San Telmo museora ere bisitaldia egin zuten Badu Bada erakusketa agurtzeko (gaur dugu ikusteko azken eguna). Barnealdean ehunka pertsona, kanpoan beste hainbeste. Denak batetik bestera gidatzea ez zen batere lan erraza. Kostata, baina azkenean iritsi ziren 14.00ak pasatxo Santa Maria elizaren parera. 20 abesti inguru kantatu ostean bazen garaia azken nota biribiltzeko. «Boga-boga»-ren doinuarekin hunkitu zenik bazen. Handik Anoetako estadiorantz joan ziren denak batera, kantu-bazkari ederra egitera. 700 lagun inguruk parte hartu zuen. Menua? Babarrunak odolkiarekin eta bakailaoa saltsa berdean. Bazkari eder hori eginda gorputza eta eztarria berotu ostean, arratsaldean ere kantuan jarraitu zuten askok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo