GARA > Idatzia > Mundua

Askapenaren Teologia: «Benedikto XVI.a, proiektu dogmatiko baten porrota»

Askapenaren Teologia osatzen duten kristau taldeen iritziz, Benedikto XVI.ak karguari uko egiteak «proiektu dogmatiko eta hegemoniko baten porrota» erakusten du. Diotenez, Joan Pablo II.ak eta Joseph Ratzingerrek hasi zuten proiektuak «gizarte osoari huts egin dio».

GARA | GASTEIZ

Benedikto XVI.ak kargua utzi izana «proiektu hegemoniko, dogmatiko eta printzipio itxietan oinarriturikoaren porrota» dela uste dute Askapenaren Teologiako taldeek. Kristau sektore honetako partaide den Pichi Meisegeier taldeak azaldu duenez, proiektu hori Joan Pablo II.ak eta garai hartan kardinala zen Joseph Ratzingerrek batera hasi zuten. «Vatikanoko II. Kontzilioak ireki zituen ate guztiak ixteko proiektua zen, bai eliza barruan bai mundu modernoarekiko harremanetan ere», adierazi du taldeak.

Vatikanoa menperatu duen proiektu horren adibide moduan aipatzen du Joan Pablo II.arekin desegiten hasi zirela «askapenaren teologiaren eta oinarrizko komunitateen esparru guztiak». Halaber, Nikaraguako iraultzaren kontra jo zutela eta Romero monsinorea CIAk mehatxatzen zuenean, bakarrik utzi zutela salatu du.

Eredu horrek «doktrinatu gutxi baina leialak» bilatzen zituen, artean aita santu den Ratzingerren esanetan; «baina poliki-poliki katolikoei ez ezik gizartea osoari huts egin dio», gaineratu du Pichi Meisegeier taldeak, «Joan XXIII.ak aldarrikatu zuen `pobreen elizatik' erabat urrunduz».

Bestalde, Benedikto XVI.a aita santu izan den garaian Eliza katolikoak izandako hainbat arazo nabarmendu ditu: pedofiliagatik hainbat apaiz eta apezpikuren aurka egindako salaketak; sexu moralaren dogmatizazioa; zelibatuaren aurreko egoskorkeria; ezkontzaren berdintasunari edo abortuari buruzko ikuspegian gizartearen atzetik geratzea edo Europako neoliberalismoaren krisiaren aurrean irizpiderik emateko ezintasuna.

Arazo horiek guztiek Ratzingerren indarrak ez ezik, «Nazareteko Jesusen antipodetan dagoen menperatze proiektuaren indarra ere» agortu dute.

Ordezkoa

Horregatik, Askapenaren Teologiaren jarraitzaileek uste dute hurrengo aita santua izateko «gurutzatu baten kemen gaztea duen norbait» bilatuko dutela, proiektu horri segida emateko. Izan ere, aita santu izateko hautagai gehienak Wojtylak eta Ratzingerrek izendatu zituzten kardinal, lerro ultrakontserbadoreari jarraituz.

«Gainera, Eliza katolikoaren arazoa ez dira izenak, progresistak edo kontserbadoreak, arazoa estrukturala baita; eta antolaketa maltzur eta manipulatzaile hori desegiteko, beharrezkoa izango da berriro dena zalantzan jartzea, zerbait berria sor dadin», gaineratu du. Taldearen ustez «laster oso eztabaida gogorra irekiko da» eta Ratzingerren erabakia «ondorioak ekar ditzake».

vatiKanoko bankua

Ernst von Freyberg abokatu alemaniarra, Maltako Ordenako kidea, Erlijio Obretako Institutuaren (IOR) buru izendatu dute, Vatikanoaren bankukoa alegia. Ettore Gotti Tedeschi 2010eko maiatzean kargutik kendu zutenetik, IORko presidentetza kargua hutsik egon da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo