GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada | Oliana

Adam Ondrak beste urrats bat egin du muturreko zailtasunean

Chris Sharmak Olianan (Lleida) sortutako bidearen, «La dura dura»-ren, lehen igoera egin du. Ez du zalantzarik 9b+ gradua duela, baina, «The change»-rekin alderatuta, «gogorra» hitza gehitu dio. 9 aste behar izan ditu bidea kateatzeko.

p040_f01_148x273.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Jakina, ez gara hasiko Adam Ondra aurkezten. Lerrootako irakurleek dagoeneko ondo baino hobeto ezagutzen dute txekiarra. Eta, beraz, ez dugu hitz bat gehiago gehituko. Protagonista Ondra bera denez, hari luzatu diogu hitz egiteko gonbita, eta, horrela bada, ondoko testuan eskalatzaileren hausnarketen berri jasoko dugu.

«Xedea sinatu dut»

Inolako zalantzarik gabe, izan dudan lehen sentimendua ikaragarri ederra izan da. Zorionez, azkenean, bidea kateatu egin dut! Marra hori Chris Sharmak ekipatu zuen duela urte batzuk. Garai haietan iruditu zitzaidan gogorra zela, eta alde batera utzi nuen xede hori. Alabaina, erabat harrapatu ninduen. Nire uste apalean Olianako BIDEA da.

Hain justu, duela urtebete hasi nintzen probatzen, eta aitortu behar dut, mugimendu guztiak atera zitzaizkidan. Chrisek ikusi ninduen, motibatu egin zen eta elkarrekin saioak egiten hasi ginen. Hasiera oso blokekoa da, eta lehen 15 mugimenduak, soilik 8 metroko eskalada, 9b/+ izan daiteke. Sekzio horrek lau pauso ditu, parabolt batetik bestera. Lau mugimendu: 7c, 7c, 8a eta 8a+.

Tarte hau gainditu ondoren, soilik 8c+ graduko marra bat geratzen da. Hala ere, atseden leku batera heltzeko beste lau metro egin behar dira. Ez da benetako atseden leku bat, baina arnasa baretzeko aproposa da. Hurrengo sei metroak intentsuak dira oso. Dinamikoa da, sorbalda sartu eta bi mugimendu oso selektiboak helduleku on bat hartu aurretik. Pasa den astean, adibidez, sekzio horretan lau aldiz erori nintzen. 20 metro eskalatu ditut. Hemen geratu izan banintz, uste dut marrak zailtasun bera izango lukeela. Baina nire ustez hobe da katera heltzeko geratzen diren beste 20 metroak (8b) eskalatzea.

Iaz, bidea nahikoa gertu ikusi nuen, baina bi asteko saioak egin ondoren, ohartu nintzen ez nuela aurrera egiten. Jakin badakizue giharrek ondo memorizatzen dituztela mugimendu guztiak, baina, hobetu ahal izateko, entrenatu beharra nuen. Gero eta sasoikoago jarri nintzen, baina xedea muturrekoa iruditzen zitzaidan.

Pasa den apirilean itzuli nintzen. Baina dinamikoan erortzen nintzen, bidearen lehen zatiaren azken mugimenduaren ostean. Udazkenean berriro Olianan nengoen. Chris eta biok ginen. Eta zoritxarrez, zati «errazenean» erori nintzen. Pena handia hartu nuen.

Azken «erasoa» urtarrilean hasi nuen. Indartsu nengoen. Lehen egunean 9a+ graduko bide bat egin nuen, eta orduan «La dura dura» egiteko gai nintzela ohartu nintzen. Marraren lehen zatia egin nuen, bai, baina sentitu nuen bigarrena egiteko prest ez nengoela. Hala ere, saio eder bat egin nuen, eta goi aldeko giltzan beste eroriko bat izan nuen. Gertu nengoen, oso gertu. Zalantzarik gabe, ohartu nintzen bigarren zati hori giltza izango zela; izan ere, metro horiek guztiak jarraikortasunekoak dira.

Egoera aldatu zen. Lehen zatian ez nuen eroriko gehiagorik izan, baina bigarren zatiko giltzan hiru aldiz erori nintzen. Eguneko saio bat, eskalada egun bat eta atsedena hartzen nuen. Batez ere, hatzen azala eta belauna zaintzeko; azken honek atseden lekuan asko sufritzen zuen.

Xedea eskura nuen, eta jakin banekien egingo nuela. Oso eguraldi ona egiten zuen, eta soilik pazientzia pixka bat hartu behar nuen. Eguna iritsi, eta azkenean, poltsikoratu nuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo