GARA > Idatzia > Kultura

Baionako karrikak zumba erritmoz berotuko dituen koreografia ikasteko entseguak

Martxoaren 24an Baionan bukatuko da Korrika eta horren karietara «flash mob»-a prestatzen ari da AEK. Esne Beltza taldeak eginiko «Bagoaz» kantuarekin osaturiko zumba koreografia izanen da oinarria.

p049_f01.jpg

Idoia ERASO

Koreografia Korrikaren webgunean eta Kanalduden den bideoaren bitartez ikas daiteke, edo AEK-k antolatu dituen ikastaldietan. Atzo zumbaren pausoak ezagutu nahi zituzten «ikasleekin» Azkaingo Jauregia gela dantza, salto eta «korrika» oihuz bete zen. Lapurdi eta Nafarroa Behere osotik etorritako jendeak koreografiaren sortzaile Nadege Pinaquiren gidaritzapean aritu ziren.

Dantza nola sortu zuen azaldu zuen Pinaquik: «Esne Beltzaren kantua entzun nuenean berehala inspiratu ninduen, anitz maitatu nuen. Zumbaren pausoekin egina da, baina Korrikari aipu eginez, hasieran korrikalariak abiatzeko ematen diren moduan hasten da, eta bukaeran «Korrika» garrasi egiten dugu. Pauso anitz ere lasterka arituko bagina bezala dira».

Koreografia dinamikoa eta erraza dela erran zuen sortzaileak, eta atzo oren eta erdiz hori errepikatzen aritu ondoren emaitzak argiak ziren. «H egunerako» hegazkina, tronboia, boxeoa, diagonalak... egiten ongi ikasia zuten.

Baigorri eta Hazparnetik

AEK-k eginiko proposamenari jarraiki hainbat ikastolak Korrika Ttipiaren baitan ere dantzatuko dute zumba. Ikasleei hobeki erakusteko nahiarekin eta barnealdean errepikapenik ez dela izanen aintzat hartuta, Nafarroa Beheretik ere hurbildu zen jendea.

Garaziko ikastolako irakasle Xantalek horrela azaldu zuen atzoko ikastaldia: «Biziki kontent naiz, anitz laguntzen du dantzariarekin aritzea, horrela errazagoa da». Baina ez zen bakarra, Hazparneko ikastolako Maritxuk azaldu zuen irribarretsu: «Haurrei hobeki erakutsi ahal izateko etorri naiz, beraiek aski fite ikasiko dute».

Donibane Lohizune ingurutik etorritako zumbaren maitaleak ere baziren Pinaquik erakarrita. Horien etorrera xede gisa ere definitu zuen ideiaren gibelean den Viviane Itursarrik: «Sinplea eta erraza baita denentzat egokia da, aldi berean AEK eta Korrika ezagutzen ez duten jendeengana ere ailegatzeko ongi da, euskara dibertigarria eta modernoa ere badela erakusteko».

Beste hainbat errepikapen antolatuak dira: heldu den astean Uztaritzen izanen da eta martxoaren 2an, Biarritzeko Atabalen. Dinamika Bidasoaren bestaldera ere zabaltzen ari da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo