GARA > Idatzia > Kultura

Hogei'ta programaren baitan musika eta irudia oinarri dituzten egitasmoen lehiaketa abiatu da

Egungo musikak eta irudia uztartzen dituzten proiektuen lehiaketa abiatu dute EKEk eta Atabalek, Euskal Herriko eta Akitaniako kolaboratzaileekin batera. Irabazleak 13.000 euro eta hiru egonaldi lortuko ditu.

Idoia ERASO | BIARRITZ

«Gazteak sorkuntzen aktore eta euskal kulturaren eraberritzaile izan daitezen sortu dugu Hogei'ta egitasmoa», azaldu zuen Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoinek. Bi urteko ibilbidea duen programak bideoak, literatura eta argazkiak landu ondoren musikaren eta irudiaren eremua laguntzeko eta garatzeko bideari ekin dio, beti ere euskara eta euskal kultura oinarri hartuta.

Musikaren munduan erreferenteak diren egiturak aukeratu ditu EKEk bidelagun. Ipar Euskal Herrian egungo musika eszenan saihestezina den Biarritzeko Atabalarekin batera antolatzen du lehiaketa. Donostia Kulturak, Bizkaiko Emankor Sareak, Donostia 2016k, Bordeleko Le Rocher de Palmer-ek eta Ageneko Le Florida-k ere parte hartzen dute euskal kultura sustatu nahi duen egitasmoan.

Hego Euskal Herrian Emankor Sarearekin lanean aritzen den Kultura Liveko Alberto Bocosek egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Orokorrean oso zaila da alde batetik bestera pasatzea hemengo taldeentzat, horregatik muga hautsi behar dugu elkarlanaren bitartez, eta egitasmo hau lehen pausoa da horretarako».

Atabaleko François Matonek bat egin zuen ideia horrekin: «Gure dinamikaren baitan sartzen da guztiz, Emankor Sarearekin hemengo taldeak zabaltzeko egiten dugun lanarekin».

Oinarriak

Egitasmoak soinua eta irudia uztartu behar ditu. Bertan erabili materiala artistek sortua edo bildua izan daiteke. Euskal kulturaren elementuak izan behar ditu egitasmoak, eta hitzak agertzen badira euskaraz izatea eskatzen da. Aukeratua izanen den egitasmoak 13.000 euroko aurrekontua izanen du ikus-entzunezko obra gauzatzeko. Aldi berean, deialdian parte hartzen duten egituren laguntza eskuratuko du egonaldietan zehar eta egindako obra hedatzeko.

Lehiaketan hautagaitza aurkezteko epea apirilaren 30ean bukatuko da. Epaimahaiak hautatuko duen proiektuaren izena maiatzaren 15ean emanen da ezagutzera. Ondoren, Donostian eta Bordelen eginen diren egonaldien datak finakatuko dituzte antolatzaile eta irabazleen artean. Bukatzeko, azaroan eginen den estreinako aurkezpena aitzin azken egonaldia eginen dute Biarritzeko Atabalen.

Epaimahaiak egitasmo artistikoaren berezitasuna, egingarritasun teknikoa, ekoizpen plan zehatza, hedagarritasuna, aurrekontu zehatza eta hautagaien mugikortasuna erabiliko ditu irizpide gisa.

HELBURUA

Euskal kulturaren (historiaren, gizartearen...) eta euskararen osagai batzuk berrinterpretatu eta itxuraldatuko dituzten egitasmo berritzaileak laguntzea du ekimenak helburu nagusi.

Fitxa

Ezaugarriak: Gaurko musika eta irudiak, euskal kulturako elementuak baliatuta.

Data: apirilaren 30era arte.

Antolatzaileak: Euskal Kultur Erakundea eta Atabal.

Oinarriak Interneten:

Eke.org eta Atabal-biarritz.fr

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo