GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Partida onak egin ditut, baina konforme oso gutxitan irteten naiz frontoitik»

p043_f02_148x160.jpg

Jose Javier Zabaleta

Aspeko atzelaria

Autokonplazentzia hitzak oso leku gutxi du Etxarreneko atzelariaren hiztegian. Bere debutaren urtean, Binakako Txapelketako atzelaririk onenetakoa izaten ari da, eta Irujorekin batera, dagoeneko finalerdietarako txartela poltsikoratu du. Pilotazaleak poltsikoratu ditu partida hauetan eta hedabideetan laudorioak baino jaso ez dituen arren, Zabaletarentzat hau guztia ez da aski.

Jon ORMAZABAL

Bi astean behin egin ohi duen bezala, Logroñora joan zen atzo Jose Javier Zabaleta bere lanabesak zaindu eta beharreko konponketak egitera. Medikuaren kontsultatik irten berritan hartu zuen GARAren deia.

Lehenengo txapelketa, eta dagoeneko finalerdietarako txartela eskuan. Pentsatzen dut balantzea ezin hobea izango dela. Bai, biak oso serio ari gara partida guztietan, gogo askorekin sartu nintzen Binakakora, eta ea ondo ateratzen den. Partida batzuk ez ditut hain onak egin, baina orokorrean, oso pozik egindakoarekin, nik uste dut maila polita ematen ari naizela, eta alde horretatik, oso pozik.

Pilotazale eta prentsa guztiaren ahotan zabiltza egindako lan onagatik. Honek badu eraginik zugan ala paso egiten duzu?

Egia esan, ez dut askorik irakurtzen. Agian titularrak eta bai, begiratzen ditut, baina kronika guztia irakurtzea ez zait gustatzen eta kasu gehiegirik ez egiten saiatzen naiz.

Txapelketan zehar Irujok sarri esan du, elkarrekin jokatzearen poderioz, hobeto jokatzen joan zaretela. Oraindik ere hobeto jokatu dezakezue?

Bai, hobetu ahal dugu elkarrekin jokatuz. Pasa den ostiralean berak jokatu zuen nik baino hobeto, eta ikusten da, ongi jokatzen dugunean, aurkariei min handia egiten ahal diogula.

Txapeldun handia izanagatik, hasieratik ikusi da baita ere Juanek zugan konfiantza handia duela eta pilota onak uzten dizkizu...

Partida guztietan oso serio jokatzen ari da, eta lehen tantoan konfiantzaz eta ondo nagoela ikusten badu, pilota gehiago uzten dizkit eta horrekin ere oso gustura nago, konfiantza handia erakutsi duelako nigan.

Zertan aritu zara hobeto eta zertan iruditzen zaizu hobetu dezakezula?

Atzetik, defentsan eta, zortzigarren edo bederatzigarren koadrotik ematen diodanean, uste dut ongi ari naizela. Hor atzetik gustura nago egindakoarekin, baina gero, aurrean aukera dudanean, lau koadrotik eta, pilotakadei altura gehiago ematea, gehiago atzeratzea eta aukera horiek gehiago aprobetxatzea falta zaidala iruditzen zait.

Perfekziora gerturatzea litzateke hori...

Ez dakit perfekziotik gertu ibiltzea ote den, baina larunbat honetatik aurrera saiatuko naiz hori hobetzen. Ea lautik emandako pilotakadak ongi gozatzen ditudan eta ea lortzen dudan pilota gehiago atzeratzea.

Sailkapena eskuan, hemendik aurrerako partidak nola hartuko dituzue?

Aurrekoan esan nuen bezala, guk berdin jokatzen jarraituko dugu, partida guztietan lana egitera eta partida guztiak irabaztera irten gara. Agian ez ditugu denak irabaziko baina denak irabaztera joango gara eta ahalik eta hobekien jokatzera.

Baina orain ondo egonda, ez al dago txapelketa luzeegia egitearen beldurrik? Ez da zerbait gorde behar izaten?

Nik uste dut orain ez nagoela oso ongi. Ligaxka bukatzeko bost partida geratzen zaizkigula uste dut, ezta? Ba hemendik hilabete edo hilabete eta erdira pixka bat sasoia hobetzea espero dut, aurreko egunean fisikoki pixka bat nekatu nintzelako. Gainera, jokoa nik uste dut pixka bat hobetu ahal dudala finalerdietarako.

Zeure buruarekin oso exijentzia maila handia duzu beraz...

Partida nahiko txukunak ari dira ateratzen, baina tira, ni konforme gutxitan irteten naiz frontoitik, beti gehiago nahi dut eta uste dut beti hobeto ahal dudala egin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo