GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Fragmentazioak eta puzzleko piezak

Badirudi Durangoko Disko eta Liburu Azokako afera barealdian dela, pasa den asteko kritika egurats hura gaindituta. Iritzi kontraesankorrak Gerediagaren alde, Azokaren alde eta orain gutxira arte zuzendari izan den Aiert Goenagaren alde. Iritzi asko, gehiegi agian, eta informazio gutxi, gauza onerako.

Isiltasunari atxikita joan zaizkio egunak Gerediagari, barealdi horrek zenbat eta gehiago iraun, are errazago desagertuko direlakoan hedabideetako titularretatik eta haserre agertu ziren sektoreetatik egunotako sumindurak. Ez dakit, ordea, zenbaterainoko mesedea egingo dion horrek Durangoko Azoka antolatzen eta kudeatzen urteak daramatzan elkarteari.

Goenagak ondo aski aprobetxatu zuen bere erantzuna emateko aukera. Eta zilegi da, noski, nork bere argudioak azaldu eta ikuspuntua jendaurrean argitzea. Egurra Gerediagari, egun bat lehenago «zintzo jokatu ez izana» leporatu izanagatik.

Kulturzale ororen ahotan dabil oraindik gertatutakoa argitzeko apeta. Batzuek oso argi dute: Gerediagari ez zaio Goenagaren kudeaketa horizontala gustatu eta Azokaren kontrola zentralizatu nahi du.

Beste aldeak dioena oraindik ez dago oso argi, ordea. Eta agian ez legoke gaizki azalpen zehatzen bat ematea. Ordu dezente behar izan zituzten arduradunek, Euskadi Irratiko «Faktoria» saioak berria iragarri zuenetik ondorengo prentsa oharra kaleratu arte. Prentsa ohar iluna, gainera. Faktore ekonomikoak eta zintzotasun falta izan ziren arrazoi nagusiak, baina zehaztapenik ez barne ekonomiako zifretan eta taxuzko zio gutxi Goenagaren kanporatzeak sortutako erreakzio soka apur bat laburtzeko.

Argitaletxeetatik, zenbaitetatik behintzat, erreakzio «arraroak». Batzuek defentsa sutsua egin zuten bitartean, besteek nahiago ezer ez esatea. Eztabaida nahikoa lokaztuta zegoen, eta egia da. Egiagoa, Durangoko Azokan interes ugari biltzen direla, eta ez saltzaile guztiek, ez argitaletxe guztiek, ez dutela denek ikuspuntu berbera eta, beraz, euskal kulturak baduela fragmentazio txiki bat. Edo puzzle bateko pieza ezberdinek osatzen dutela gure aitaren etxe hura. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo