GARA > Idatzia > Euskal Herria

A-8a mozteagatik auzipetuta dauden bost gazteek planto egin dute epaiketaren aurrean

Jarrai, Haika eta Segi talde terrorista izendatu izana salatzeko egin zuten protesta ekimena 2007an, eta bakoitzarentzat 30 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute. Gazteriari antolatzen jarraitzeko deia egin zioten.

p014_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Jarrai, Haika eta Segi talde terroristatzat izendatzea salatzeko, 2007. urtean A-8 autobidean kateatu eta berau mozteagatik auzipetutako bost gazteek atzo Donostian egitekoa zen epaiketan ez agertzea erabaki zuten eta hala adierazi zuten atzo goizean, saioa hasi baino lehen, epaitegiaren atarian.

Desobedientzia zibileko ekimen harengatik, auzipetutako bost gazteei hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri nahi diete orotara, bakoitzari 30 hilabeteko kartzela zigorra ezarriz. Gertaerak jazo zirenean egin zuten moduan, gazteek atzo berretsi zuten «espainiar salbuespen auzitegia salbuespen politiken aplikatzailea» dela.

«Desobedientzia zibilaren aldeko hautua egin dugu, ezelako epaitegik euskal gazteria epaitu eta zigortzeko zilegitasunik ez duelako. Hori dela-eta, epaiketa honen aurrean ere planto egiten dugu -adierazi zuten-. 2007an egin bezala, gure eskuetan ditugun tresnak baliatuz, egunerokotasuneko lanarekin, herrian, auzoan, lantegian... Euskal Herria eraikitzen jarraituko dugu».

Zortzi sarekada, 150 atxilotu

Salatu zutenaren arabera, gazte antolakundeak terroristatzat jotzeak azken sei urteetan euskal gazteriaren aurka zortzi sarekada baino gehiago ekarri ditu, eta horien ondorioz 150 gazte baino gehiago atxilotu dituzte, tortura salaketekin eta ondorengo espetxeratzeekin.

Alde horretatik, azken hilabeteetan euskal gazteriaren kontra aplikatu den «errepresio dinamika» salatu zuten.

Abenduaren 18an Auzitegi Gorenak Errenteriako bost gazteren aurkako espetxe zigorra berretsi zuen Segiko kide izatea leporatuta. Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anza Donostian atxilotu zituzten urtarrilaren 19an, eta bestalde Aitor Franco Martutenen espetxeratu zuten iragan otsailaren 13an.

Era berean, egun horretaz geroztik, Auzitegi Gorenak Donostialdeko hamabost gazteri Auzitegi Nazional espainolak Segiko kide izatearen akusaziopean ezarritako sei urteko kartzela zigorra berresteko arriskuan daude.

Dena dela, horiek guztiak kasu bakarrak ez direla gogorarazi zuten. Lehengo astean epaitu baitzituzten Auzitegi Nazional espainolean Aitor Torrea, David Urdin, Iñigo Gulina eta Iñaki Torrea burlatarrak. Fiskalak 53 urteko espetxe zigor eskaera mantendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo