GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bake bidean, bada elkarrengandik zer ikasi

Gaur hedabide asko, jende asko, Iruñera begira dago, Sorturen lehen kongresua dela-eta. Oztopo ugari -batez ere legez kanporatzearen aurkako borroka luzea- gaindituta eta hilabeteetako eztabaida eta alderdiaren zuzendaritza hautatzeko prozesuaren ondoren, abian da herri honetako independentismoaren eta ezkerraren erreferentzia nagusia izango bide dena. Kongresu horren testuinguruan, «Egungo gatazken konponbidea» nazioarteko konferentzia egin zuten atzo Iruñeko Baluarten. Bertan zenbait herrialdetako ordezkariak izan ziren, baina ez, ohi bezala, gatazkak gainditu dituzten prozesuetako ordezkariak, baizik eta oraindik, fase desberdinetan bada ere, Euskal Herrian bezala konponbidearen bila dabiltzan prozesuetakoak: Kolonbia, Palestina, Sahara eta Kurdistangoak, hain zuzen.

Beren gatazkei irtenbidea aurkitzeko baliagarri izan diren prozesuetatik irakaspen asko jaso da, bai Euskal Herrian, bai beste leku askotan. Era berean, gauza jakina da Irlandako prozesuan berebiziko garrantzia izan zuela Hegoafrikako eskarmentuak. Baina oraindik konpontzeke dauden prozesuetatik ere bada zer ikasi, eurek ere Euskal Herrikotik irakaspenak jaso ditzaketen bezalaxe. Zalantzarik gabe, saio aberasgarria atzokoa, ondo eginetik bezala okerretatik ondorioak ateratzeko baliagarria, lehenbizikoa eskuratzeko eta bigarrenak ez errepikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo