GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentzia aldarrikatuko dute Aberri Egunean, egoerari aurre egiteko

Euskal Herriak pairatzen duen krisi ekonomikoaren ondorioen aurrean irtenbiderik hoberena independentzia dela aldarrikatuko dute Iruñean, Independentistak Sareak antolatuko duen Aberri Egunean. Erabakiak hartzeko, estatu propioa izatea ezinbestekotzat dute.

p018_f02.jpg

GARA |

Euskal Herriak pairatzen duen egoera larriaren aurrean independentzia aldarrikatuko dute Iruñean ospatuko den Aberri Egunean, Independentistak Sareko kide Txutxi Ariznabarretak, Maria Luisa Mangadok eta Esti Mujikak atzo Nafarroako hiriburuan iragarri zutenez.

«Krisiaren ondorioak era dramatikoan nozitzen ari gara, baina ez da jartzen mahai gainean krisia sortu duten faktoreekiko alternatibarik. Hori da okerrena. Etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko alternatibez hitz egiteko garaia da, eta independentzia etorkizuneko estrategiari bete-betean lotuta dago. Independentistak Sarean ziurtasun osoz ikusten dugu, alor politiko eta kulturaletik zein ekonomiko eta sozialetik begiratuta, independentzia dela etorkizunerako aukerarik onena euskal herritar guztiontzat», adierazi zuten.

«Ez dela independentziari buruz hitz egiteko unea esaten dutenei, orain krisiari irtenbideak bilatzea dela lehentasuna, eta egoera ekonomikoa konpondu ondoren izango dela horrelako gaiez hitz egiteko denbora esaten dutenei inolako zalantzarik gabe erantzuten diegu Euskal Herriak estatu propioa eratzea dela, hain zuzen ere, krisialditik irten eta gure etorkizuna eraikitzeko tresnak eskaintzen dizkigun alternatiba bakarra», erantsi zuten.

Langabezia, enpresen itxiera, inbertsio produktiborik ez izatea, espekulazioa, ondare ekonomikoaren likidazioa, herritarren erosteko ahalmenaren urritzea, etxe kaleratzeak, bazterkeria soziala eta krisiaz baliatuz Madrilek bultzatzen duen inboluzio politikoa dira egungo egoeraren ezaugarriak, Independentistak Sarearen ustez. Estaturik gabe ezin da ekonomia planifikatu, ezin dira finantza-baliabideak kudeatu, ezin da fiskalitatea erabaki, ezin da industria eta energia politika garatu, ezin da jendarte politika erabaki. «Ezin dugu ezer egin», laburbildu zuten. Aberri Egunean manifestazioa abiatuko da Golem zinema aretotik 12.00etan eta Sarasate pasealekuan izango da ekitaldia. Ondoren, bazkaria, Anaitasuna kiroldegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo