GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Hondakin kudeaketa

Esan eta egin, birziklatu daitekeen dena agerian uzteko

Lapatx zabortegiaren parean jarrita eskaini zuten agerraldia. Ez da eurentzat toki arrotza, Azpeitia, Zarautz edota Ormaiztegiko bizilagunak zabortegiaren ondoan bizi izan direlako

p021_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Behin baino gehiagotan esana dute; zabortegietara isurtzen diren hondakinen %80 ere berrerabil daitezke. Atzokoan esan esan zuten, baina horretaz gain, irudikatu ere egin zuten. Mahaiaren gainean, zabor poltsa bat jarri eta bereizketa lana egin zuten. Alde batean, plastikozko edukiontziak; alboan, paper eta kartoiak; ondoan, beira; aldamenean, hondakin organikoak; eta azken pilatxoan errefusa. Deigarriak azken bi pilatxoak. Etxe askotan, beste erremediorik ez delako, ontzi bakarrean jasotzen dira biak, hala eta ez beste modu batera jasotzen direlako. Haien artean bereizketa egin eta modu horretan jasotzea proposatzen zuten Azpeitiko, Zarauzko, Ormaiztegiko eta Zubietako herritar hainbatek atzo eta horretarako bi pilak alderatu zituzten. Batean, hondakin organikoak bilduta: barazki hondarrak, arrautza azalak, jaki arrastoak, lurra; beste pilatxoan, birziklatu ezin direnak: tirita, konpresa, esponja eta aspiragailuak jasotakoa. Handia lehen pila; txikia bestea.

Modu praktikoan irudikatu nahi izan zuten zabortegietara doazen hondakin ia guztiak direla birziklagarriak, «%80tik gora, egin diren azken neurketen arabera». Azpeitiko Lapatx zabortegiaren parean bildu ziren «hondakin kudeaketa txarraren biktima» gisa euren burua jotzen duten hainbat herritar. «Etxean gaika biltzen ez diren janari hondarrak gure herrietan usteltzen dira, plastiko, beira, paper eta kartoiarekin nahastuta», nabarmendu zuten Garazi Zubimendi zubietarrak eta Patxi Juaristi azpeitiarrak guztien izenean.

«Aldatzea ez, soluzioa»

«Zabortegi kutsakor hauek ixtea» exijitu zuten, «Europako zuzentarauek eskatzen duten bezala». Eurek eskatzen dutena ez da, izan ere, eurek «pairatutako arazoa, beste leku batean paira dezaten; guk ez dugu arazoa lekuz aldatzea eskatzen». Arazoa behin betiko amaitzea eskatzen dute eta jakin badakite hura ez dela «zabortegi kutsakor bat beste leku batean irekitzetik etorriko, ezta hondakinak erraustu eta eskoriak eta errautsak zabortegi toxiko batzuetan botatzetik». Benetako soluzioa, adierazi zutenez, «prebentziotik, hondakinak baliabide bezala hartzetik, zabor gutxiago eta garbiagoa sortzetik eta ekidin ezin izan den zabor guztiari tratamendu ez toxikoak ematetik etorriko da».

Agerraldian ohartarazi zutenez, hondakinen kudeaketaren inguruan ematen ari den eztabaidaren erdigunean hondakinen bilketa kokatu da; hondakinen bilketak kudeaketa egokirako duen garrantzia onartuta ere, bilketa ezin dela kudeaketa orokorretik isolatutako elementu gisa planteatu adierazi zuten. Zentzu horretan, bilketaren gaineko erabakia bilketa egiten zaien herritarrei bakarrik dagokiela esaten dutenei erantzun zieten, beren ustetan, hori «bi mailatako herritarrak» daudela esatea delako: «eskubidedun herritarrak eta eskubide gabeak; erabakitzen dutenak eta besteak erabakitakoa jasan behar dutenak».

Askok hondakinen kudeaketaren arloan aldaketak azkarregi doazela diotela gogora ekarri zuten, euren ustea oso bestelakoa dela ohartaraziz: «Denboraren pertzepzioa baina, asko aldatzen da ondorioak eragin ala ondorioak jasan, zein aldetan kokatzen garen; zabortegien ondoan bizi garenok oso garbi daukagu denbora aspaldi bukatu zela, zabortegian kalteak eragiten dituen ezer botatzea injustizia dela».

Herritarren osasuna eta ingurugiroarekiko errespetuaren balioak goraipatu zituzten agerraldian eta horiek ez defendatzeko aitzakiarik ez dela ohartarazi zuten. «Prebentzio neurriekin batera, gaikako bilketa eraginkorra bermatzen duten sistemak zabaldu behar dira ahalik eta azkarren».

Zero zabor eredua abian jartzearen eta zabortegirik edota errauste-plantarik gabeko herrialde bat izatearen alde azaldu ziren, beraz, atzeko aldean Lapatx zabortegia eta handik zerion kea zituztela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo