GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez Errepresaliatua

Ixo!

Jeltzaleak bi uretan murgilduta dauden sentsazioa dut: batetik, ez dute Madrilekin hautsi nahi, baina aldi berean ongi dakite presoen auziari irtenbide politiko eta zuzena zor diotela

Ondoko lerroak idaztera nindoala, zalantza bat piztu zait: irakurtzen ari zaren idazkia egunkarira helarazi beharko nuke... ala niretzat bakarrik gorde? Galderak inozoa ematen du baina, alajaina!, azken egunotakoak ikus-entzun ondoren, nire gogoeta xume hauek ere «diskrezioz» egin behar ote ditudan galdezka ari natzaio neure buruari.

Zergatik diot hori? Iragan astean zehar Ajuria Enetik heldutako mezuek Erdi Aroko alkimisten arkanoak ziruditelako. Lan isila burutzen ari direla diosku Urkulluk. Ez dakit egia den edo ez, baina fruitu aztarnarik behintzat ez dut ikusi nik. Kontrakoa: mugimendu ditxoso horiek Urkullu eta Rajoy elkartu ostean izan dituzte hizpide, eta ikusi dudan gauza bakarra errepresioari jarraitzen zaizkiola baino ez da.

Nolanahi ere, ez dut uste Urkullu Madrilen aurka ezer egiteko prest dagoenik eta, beraz, otutzen zait jeltzaleen mugimendu ditxoso horiekin EAJk dispertsioaren diseinuan duen erantzukizuna gainetik kendu nahian dabiltzala. Begira, Urkullu jauna: diskrezioa ondo dator helmen handiko lana burutu nahi denean; ekimenik eza eta jukutria ezkutatzeko erabiltzen denean, aldiz, guztiz deitoragarri eta salatzekoa dela iruditzen zait.

Halakoa ez dugu, ordea, jeltzaleen ardura saihesteko ahalegin bakarra, eta alderdi horretako batek dispertsioa presoek berek eginiko eskaerari erantzunez erabaki zutela egindako deklarazio maltzur eta zentzugabeak ere ildo beretik doaz. Halakoak entzuteak odolbero jartzen nau, baina ez itsu. Hori esanda, orain badu EAJk, bai (nahi izanez gero, jakina), Kolektiboak eginiko eskaera zehatz bezain errealari erantzuteko aukera paregabea: EPPKren mintzaideengana jo eta berarekin truka dezala bere ikuspegi propioa espetxe politika honekiko. Gainera, Kolektiboak badu zer esan eta inork ez du bera ordezkatzen ibili behar: honetarako, bere mintzaidetza izendatu zuen.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aspaldi esana du, bestalde, bere gogoetak konpartitu nahi dituela gainerako eragile guztiekin, EAJ barne. Denok inplikatu, denok eragin eta denon artean sakabanaketa behingoz amaitu! Hau da une politikoaren lehentasuna eta premiazko kontua, gainera. Hori bai, EAJk zabaltzen duen ikuspegia partziala ere bada, dispertsioaren alde bakarra erakusten duelako -presoena-, sakabanaketak beste jomugak ere badituela (horien senide eta gertukoak) guztiz alboratuz.

Egia esan, eta beste behin ere, jeltzaleak bi uretan murgilduta dauden sentsazioa dut: batetik, ez dute Madrilekin hautsi nahi, baina aldi berean ongi dakite presoen auziari irtenbide politiko eta zuzena zor diotela. Euren koldarkeria «justifikatuko» zuen haga aurkitu beharrean daude, beraz. Beste era batera esanda: mugitzen badira, ezer mugi ez dadin izango delako susmoa dut, orain arte egin duen bezalaxe. Horra hor hedatu dituzten gezurren iturria. Eta hona hemen gezurren helburua: baloiak kanpora ateratzea eta ardura presoen bizkar jartzea.

Espetxeetako sarrailak irekiko dituen giltza denon esku dago. Dispertsioaren fasea atzean utzi beharreko kontua da eta zeregin honetan denok daukagu ardura. Hori bai, bakoitzari berea eta sakabanaketaren diseinuan parte hartu, ahalbidetu eta honen ondorioz eragindako min, heriotza eta kalte guztietan ardura berezitua duen EAJri esfortzu biderkatuak egiteko eskatuko nioke nik. Ondo daki hori Egibar jaunak. Bide honetan zalantzarik ez dut Kolektiboa bat etorriko dela euskal jendartearekin, sakabanaketa amaitzeko aldarrikapena errealitate bihur dadin burutuko diren ahalegin duin eta zintzoekin.

Datorren martxoaren 20an, bestalde, Estrasburgoko Auzitegiak bere erabakia hartuko du Ines del Rioren aferan, eta honek bere eragin ukaezina izango du 197/06 doktrinaren zartada jasan duten gainerako pre- soengan. Baina honetaz hurrengo artikulutxoan mintzatuko naiz. Momentuz, galdera bakarra neukan Urkulluri luzatzeko: auzitegi europarrak espainolen doktrina anker honen kontrako erabakia berretsiko balu, gainontzeko kasuetan aplikatzeko urratsak egiteko prest ote legoke, ala hori ere «isilpean» pasatzen saiatuko litzateke? Eta oro har, bera eta bere enparauak prest al dira euskal presoen egoera tamalgarrian duten arduragatik erantzuteko, ala «diskrezioan» ezkutatzen jarraituko dute?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo