GARA > Idatzia > Kultura

Arestiri omen eginez, Oskorrik zabaldu du Tolosako Kilometroak

p052_f02.jpg

Karmele ELIZARAN | TOLOSA

2013ko Kilometroak jaialdiak proposatutako urteko lehen zita nagusia izan zen ostiral gauean Tolosako Leidor zineman, Oskorri taldearen eskutik: «Gabriel Aresti Bizsitan» ikuskizuna estreinatuz.

Edade guztietako entzuleak bildu ziren Oskorri taldearekin bat eginez. Hasieratik txalo zaparrada batekin agurtu zituzten kideak. Aspaldian entzun gabe taldea, eta hori nabaritu zen, ikusle artean jendea zutik jartzen baitzen batzuetan.

«Agur Jauna» kantarekin, Natxo de Felipek abestuz, doinu berezi batekin hasi zen kantaldia. «`Agur jaunak' kantatzen zutenean, Gabriel Arestik, zutik jarri eta txapela erantzi beharrean, eseri eta txapela janzten zuen», esan zuen De Felipek. «`El elefante' markako komuneko paperean jaso genituen kantu haren hitzak etxean, ustekabean, gutun-azal batean», gehitu zuen.

Hortik aurrera 17 kanta jarraian kantatu zituzten, ia bi orduko emanaldian; halere, azkenean beste bi kanta abestu behar izan zituzten, jendea eserita geratu baitzen eserlekuan. Oskorriren hasierako garaiko kantuak izan ziren eskaini zituztenak, eta beraz, aspaldian jo gabeko doinuak berreskuratu zituzten.

Kanta bakoitzean De Felipek gogora ekarri zuen Aresti, Oskorriren gidaria zela aipatu zuen behin eta berriz. Arestik kanturako belarri txarra zuela aipatu zuen De Felipek, baina ez hizkuntzarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo