GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ALDERDI BERRIAREN AURKEZPENA, ANAITASUNAN

Kanpoan hotz, barruan borroka askori ekiteko bero

Ez zen giro Iruñeko kaleetan, ez da giro krisiaren aitzakiak eta gatazkaren luzapenak astindutako euskal gizartearentzat. Baina epel zen Anaitasuna, eta bero atera zen jendea, Sortu «borroka guztien lehen lerroan, dena ematen» egongo dela entzun ondoren.

p004_f01.jpg

Ramon SOLA

Elur malutak agertzen hasiak ziren Anaitasuna kiroldegiko leihoen beste aldean. Kalte egin zion eguraldiak Sorturen aurkezpenari, baina umoretsu hartu zuen Pernando Barrenak, alderdi berriko eledunetako batek: «Sortu ez da zerotik abiatzen, zeropetik baizik». Halere, giroa beroa eta samurra zen ordurako. Nazioartetik etorritako lagunek goxatu zuten lehenik, eta gero hainbat borrokatako ordezkariek eta Amaia Izkoren hitzek beste gradu batzuk gehiago jarri zizkioten termometroari.

Hotza da egungo errealitatea, izoztua ez esateagatik; beroak, Sorturen asmoak eta konpromisoak. Dikotomia hori nabarmendu zuen Izkok, hau ere alderdi berriaren bozeramaile dena: «Kapitalismoak aurrera egin du, inolako konplexurik gabe. Etxean nahi gaituzte, akritikoak, ideologiarik gabekoak, eta hipnosi kolektibo hori zabaltzen duten bitartean ahal duten guztia lapurtzen dute», salatu zuen Izkok, ozen.

Oholtzan zituen, bere atzean, egoera honen biktima asko: Laminaciones Arregiko langileak, etxea galtzeko arriskuan daudenak, azpiegitura erraldoien aurka borrokatzen direnak, baita hezkuntzaren alde egiten dutenak, euskararen alde, presoen eskubideen alde, ingurumenaren defentsan... «Bidegabekeria bakoitzaren aurrean, borroka!», laburbildu zuen Izkok. Amaitu zuenean, lagun horiek guztiek, jantzita zeramatzaten kamisetak kendu eta azpian Sorturen elastikoa erakutsi zuten, guztiok batera.

Bide beretik jo zuen Pernando Barrenak. Txalo ugari jaso zituen indarrez egin zuen zinak: «Ez dizuegu hutsik egingo. Sortu burujabetzaren alde eta justizia sozialaren aldeko borrokaren lehenengo lerroan egongo da, eta dena emango du».

Tresna, ez helburu

Aipamen interesgarria egin zuen Barrenak testuinguru honetan. Ilegalizazioaren urte hauek ezker abertzalearentzat «siglei garrantzia kentzea» eragin dutela esan zuen, eta ondorioz «Sortu tresna bat dela, borrokarako tresna bat» argi dutela erantsi zuen. Helburuak lortu ahal izateko aliantzak nahitaezkoak dira, segitu zuen hizlariak. Ezker abertzaleak kide dituen gainerako alderdiei eskerrak eman zizkien, ez soilik atzoko ekitaldietan ondoan izateagatik, baita elkarrekin egiten ari diren bidea «oso positiboa delako» ere.

«Independentzia» oihua izan zen harmailetatik gehien entzun zena. Txistu batzuk ere bai, pantailan Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren aurpegia azaldu zenean. «Loreak» Yolanda Barcinarentzat bildu zituen Barrenak: «Kalifornia forala hondoratzen ari da -aipatu zuen-, baina guk bere erregimena ere amaitzea nahi dugu. Barcina anderea, boterean geratzen zaizkizun egunak atzera-kontua dira». Esaldi hauek ere ederki berotu zuten kiroldegia, nafar asko baitzen han; beste herrialdetatik jende gutxi hurbildu ahal izan zen, eguraldi txarra eta errepideetako egoera zela-eta. Goizeko biltzarrean parte hartu zuten Sortukide ugarik eguerdian ekin zioten bueltako bideari, gauean iritsi ezin izatearen beldurrez.

Barregura askatzeko pasarte batzuk ere utzi zituen ekitaldiak. Esaterako, Barrena ahopeka hitz egiten hasi zenean, Iñigo Urkulluk hainbestetan aipatzen duen «diskrezioa» agerian uzteko asmoz. Jadanik serio jarrita, zera esan zien bildutakoei: «Besoak gurutzaturik segitzea bilatzen dute, hori baino ez». Ildo beretik, ezker abertzaleak egiten dituen urratsak «ez-nahiko» direla esateko muturra behar dela leporatu zien urrats txikiena ere egiten ez duten guztiei, «indarkeria erabiltzen jarraitzen duten horiei, presoen aurkako politika kriminal horrekin segitzen dutenei, kriminala bai, kri-mi-na-la», errepikatu zuen, PPk iragarritako kereilen aurrean men egin gabe.

Sorturen zuzendaritza osatzen duten gainerako kideak ondoan zituela mintzo zen Barrena. Eta azkeneko aipamena, berebiziko garrantzia duten bi jende multzori eskaini zien: langileak eta gazteak. Azken hauei buruz, zortea opa zien Zukgua prozesuaren ondoren larunbatean Lizarran abiatu behar duten biderako. «Txundituta utzi gaituzte prozesu horrekin. Katea ez da eten», ziurtatu zuen.

Sinn Fein, ANC, Syriza, FDLP...

Sorturen jaiotzak nazioarteko lagun askoren babesa izan du. Kontinente guztietako aurpegiak batera igo ziren oholtzara, dozenaka. Guztiekin ezin zuten hitz egin, eta Sinn Fein, ANC, Syriza eta FDLPko ordezkariek hartu zuten ardura hori, guztien izenean. Elkartasuna eta atxikimendua agertzeaz gain, hainbat irakaspen eta abisu eman zizkieten Euskal Herriko lagunei.

Konponbide prozesuak burutu dituzten neurrian, bereziki interesgarriak izan ziren Irlandatik eta Hegoafrikatik iritsitako lekukotasunak. Sinn Fein-eko ordezkariak denbora eta helburu egingarriak behar direla esan zien Anaitasunan bildutakoei. Gogora ekarri zuen Irlandan 20 urte inguru pasa direla IRAk emandako lehen su-etenetik, eta «definizioz, borroka ez da inoiz erraza izaten», ondorioztatu zuen. Barne kohesioa zaintzea ezinbestekoa dela erantsi zuen irlandarrak. Baina aldi berean mezu garbia helarazi zien Madrilgo zein Parisko gobernuei: «Bake prozesua izango bada, preso politikoen askatasunak agendan egon behar du».

Greziatik etorritako Syriza ezkerreko alderdiaren ordezkariak ere eskaera berdina egin zion Gobernu espainolari. Eta batak zein besteak Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko gainerako militanteak ekarri zituzten gogora, ahalik eta azkarren aske uzteko exijituz.

Hegoafrikatik ANCko kide bat ere hurbildu zen Iruñera, eta honek ere aholku batzuk ekarri zizkien Sortukideei. Besteak beste, hauxe: «Ez da erraza izaten, beste aldean borondaterik ez dagoenean. Zirrikiturik ez diezue utzi behar».

Ostiraleko konferentzian parte hartu zuen Palestinako FDLPko alderdiko Karioti Yaberrek, baina oraindik ere asko zuen esateko. Hasteko, Sortukoak euskaraz mintzatzen direla eta palestinarrak, ordea, arabieraz, baina «funtsean hizkuntza berdina dugula, gure herrien independentziaren alde egiten dugulako borroka». Mundu osoan dauden preso politikoen arteko lotura ere badagoela ziurtatu zuen, harmailetan berriro euskal presoen aldeko oihuak eragin zituelarik.

Herri asko ondoan, eta borroka asko aurrean, Sortuk abiatu berri duen ibilbidean. Gogoz ekingo dio alderdi berriak, Pernando Barrenak zin egin zuenez: «Irabazteko bokazioa dugu, astakeria guztiei aurre egiteko bokazioa». Bero bukatu zen zeropean hasitako arratsaldea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo