GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | KALERAROCK JAIALDIA

Landakoko elkartasun uhinak elurrak urtu ditu Durangon

Trenak bete gazte eta motxilak bete edari goiz-goizetik, eguerdirako Landako gunea hartua du gazteriak. Festa eta aldarrikapena uztartzen, atzo burutzen zen bigarren urtez KaleraRock.

p010_f02.jpg

Anartz BILBAO

«Dantzaldia» Gozategik abiatu duenerako itxura ona zuen aretotzarrak, eta doinuak bizkortuz eta gogortuz joan diren Hesian eta Governorsen txanda heldu denerako berotzen joan da kontua. Jada bazkalordua da, agudo doa eguna. Goizean lauki zuzenaren erdia beteta, agertokira begira zegoela-eta, jende andana zegoela begitandu bazaigu, ekitaldi politikoa bukatu eta Kopen astindua noiz hasiko zain, jada bi aukera baino ez dira gelditzen. Oholtzatik oholtzara txandaka aldatzen den festan lehen lerroan izan edo azkenekoan gelditu.

Ekitaldian, bertso eta irrintziak lagun, bertaratutakoei zorionak eman dizkiete, preso eta iheslariak etxera ekartzeko borrokan bultzada eman eta Landako betetzearren. Borroka horretako olatu erraldoiaren parte izatearren.

Oraindik egiteko lan handia dagoela ohartarazi ostean, gatazkaren konponbidearen barruan, ezinbestekotzat eman zen presoen afera konpontzea, eta bide horretan, aldarrikapenez beteriko jardunaldian, hiru mezu zuzenen oihartzun garbia izan dugu (paretetako afixetan ere irakurri ahal izan dugunez): Larri gaixo diren presoak askatu, zigorra beteta dutenak etxera -bizi osorako zigorrik ez- eta sakabanatuta direnak Euskal Herrira.

Ekitaldia presoen aldeko topa eginez bukatu da, eta KaleraRocken kantua egiteaz arduratu den Exaixuk beste hiru kantu jotzeko ere aprobetxatu du bere txanpa; Exkixu zirenen «Gure hitza», «Agur» eta «Loretxoa» (azken hau gernikarrek Benito Lertxundiri ikasia).

Kaleak ilundu dira eta atsedenalditxoa dugu berriro eztanda hasi baino lehen. Umore ona da hemen nagusi, karpapean «Marijaia» da bozgorailuetan, eta aretoan gazteak udalekuetan ohiko diren kantuekin dabiltza kantari. Kasu! Kop oholtzan da jada. «En nuestras calles mandamos nosotros» ohartarazi du Juanra Kopek. Elurra ei da errepideetan. Gure inguruan ez du ematen inor bueltarako kezkarekin dabilenik. Gaua luzea da eta aurki Gatibuk joko du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo