GARA > Idatzia > Kultura

Igorreko saioak hasiera emango dio gaur Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketeari

p047_f08_98x93.jpg

A.H. | BILBO

Igorreko Lasarte kultur aretoak hartuko du gaur, eguerdiko hamaika eta erdietan, Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketearen lehenengo saioa. Bertan, aurrez aurre izango ditugu Arratiako eta Busturialdeko taldeak.

Taldekakoa eta eskualdekakoa izatea da hogeita bat urte bete dituen bertsolari gazteentzako txapelketa honen ezaugarri nagusia. Bertan, Bizkaiko zazpi eskualdeetako (Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterria, Ipar Uribe eta Lea-Artibai) taldeek adin maila bitan (18 urte arte eta 19-24 urte) parte hartuko dute.

Ikastolen elkarteak, Bizkaiko Bertsozaleen elkarteak eta BBK-k antolatzen dute gazteei jendaurreko lehenengo agerpenetariko bat egiteko aukera ematen dien lehiaketa.

Salto eman plazara

Eskolarteko txapelketarekin batera, Sariketea da gazteek plazan kantatzeko duten lehenengo aukeretako bat. Lehiaketako koordinatzaileak, Bizkaiko ikastolen elkarteko Juanjo Respaldizak, eta epailea izango den Arkaitz Estiballezek ezaugarri horren garrantzia nabarmendu zuten «lagunen artean, eskolan bertan egiten baitute» eta balizko «lotsak« edota «nerbioak» uxatzen dira «taldearen babesaz».

Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketeak hiru kanporaketa ditu (Igorre, gaur; Markina, martxoaren 5ean; Zalla, martxoaren 6an), finalaurreko bi (Durango, martxoaren 12an; eta Algorta, martxoaren 13an) eta final handia (aurten Bilboko Kafe Antzokian izango dena, martxoaren 22an).

«Taldeak mantentzea inportantea da», esan zuen Estiballezek, «transmisio lan egokia» egiten ari diren seinale.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo