GARA > Idatzia > Mundua

Ia ehun rohingya gosez hil dira Indiako Ozeanoan Myanmarretik ihesean

Gutxienez 97 rohingya hil dira Indiako Ozeanoan 25 egun jitoan igaron ondoren, Myanmarren pairatzen duten indarkeria sektariotik ihesi. Beste 33 bizirik erreskatatu zituzten Sri Lankako kostaldetik hurbil.

GARA | KAHO LAK

Gutxienez 97 rohingya hil dira Indiako Ozeanoko uretan nora ezean, Myanmarren pairatzen duten indarkeria sektariotik ihesi. Beste 33, berriz, erreskatatu zituzten itsasontzian, Sri Lankako kostaldetik hurbil.

Bizirik irten zirenek adierazi zutenez, 25 egun jitoan zeramaten, urik eta janaririk gabe, Sri Lankako Itsas Armadak erreskatatu zituenean, herri horretako ekialdeko kostaldetik 400 kilometrora.

Myanmarretik ihesi, Malaysiara heltzeko asmoa zuten. Deshidratazio larriak jota, 32 heldu eta haur bat Colombotik hurbil dagoen etorkinentzako zentro batera eraman zituzten. «Bidaia arriskutsua zen, baina egin behar izan genuen. Myanmarren bizitza galtzeko beldur gara, ez dugu lanik eta indarkeria ikaragarria da», adierazi zuen bizirik ateratako batek.

Joan den urtarrilaren 10ean atera ziren 130 rohingya Myanmarretik itsasontzian eta bakoitzak 465 dolar ordaindu behar izan zituen itsasoratzeko.

Itsaso zabalean erditu

Itsas zabalean zeudela, Thailandiako itsas-armadak geldiarazi egin zituen, motorra kendu eta galduta utzi zituzten. Agintari thailandiarrek, berriz, ezeztatu egin dute salaketa hori.

Sri Lankara eraman dituzten pertsonen artean zegoen Nuru. Gose, bizilekurik gabe eta bederatzi hilabeteko haurdun zegoela ontzi hauskorrean sartu zen. Handik sei egunera, 24 urteko emakume hori haur batez erditu zen, kostaldetik urrun eta medikuen laguntzarik gabe.

Ihes egiten duten asko deshidratazioz edo gosez hiltzen badira ere, bizirik atera dira biak. «Nire etxea erre zuten, ez nuen bizitzeko edo lan egiteko tokirik», kontatu dio Nuruk France Pressi Thailandiako aterpean, orain bi hilabete izandako besoetan duela. Orduan ontziratu zen. «Ez zegoen urik eta itsasoko ura edan behar izan genuen. Beherakoa izan genuen. Itsasontzian erditu nintzen», gogoratu du.

Arrantzale batzuek, errukiz, ura, arraina eta bidaia jarraitzeko erregaia eman zieten. Thailandiako kostaldera hurbildu ziren, baina amesgaiztoa ez zen bukatu. Gizonak euren familiengandik banandu eta atxilotze guneetara bidali dituzte. Emakumeak eta haurrak, berriz, Khao Lakeko harrera zentrora eraman dituzte. «Itxura izugarria zuten. Haur batzuek beherakoa zuten, oka egiten zuten eta harrez beteta zeuden», azaldu zuen aterpe horretako langile batek.

Jazarpen etnikoa

Bestalde, NBEren Errefuxiatuentzako Goi Mandatariak kezka adierazi zuen, ihes egin nahian gero eta rohingya gehiago itsasoratzen direlako. NBEk «Rakhine estatuan adiskidetzea eta garapen ekonomikoa sustatzeko» eskatu dio Myanmarreko Gobernuari, bertan bizi dira-eta rohingya gehienak. Halaber «komunitate musulman honen oinarrizko eskubideak bermatzeko eta hiritar onartu gisa bizitza normala izateko neurri praktikoak ezartzeko» eskatzen dio.

Myanmarreko Gobernuak ez du onartzen rohingyen hiritartasuna eta «legez kanpoko etorkintzat» jotzen ditu. Bere ustez, Bangladeshetik etorritakoak dira. Hala eta guztiz ere, herrialde horrek ere ez du erakutsi rohingyei laguntzeko asmorik. Rakhinen 800.000 musulman rohingya bizi dira, gehiengo budistak baztertuta, eskubide zibilik gabe eta herritartasunik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo